argia.eus
INPRIMATU
Aske utzi dituzte Urruñan eta Hendaian atxilotutako lau gazteak
  • Lau gazte atxilotu ditu Frantziako Poliziak asteazken goizean, eta arratsaldean utzi dituzte aske. Atxiloketek lotura dute uztailaren 14an egindako independentziaren aldeko manifestazioko gertakariekin; "hilen momumentuan" zegoen Frantziako bandera bat lapurtzea eta autoritate publikoaren ordezkari bati eraso egitea egozten diete.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 15
Argazkia: Euskal Irratiak

Euskal Irratiak bidez asteazken goizean jakin denez, Frantziako Poliziak hiru gazte atxilotu ditu goizaldeko 06:00ak aldera, Urruña eta Hendaian, eta horietako bat adin txikikoa da. Polizia laugarren pertsona baten bila ere ibili da, haren bila joan direnean ez baitute etxean aurkitu. Pertsona hori bere kabuz agertu da Baionako komisaldegian, eta atxilotu egin dute. 15:00ak aldera askatu dute atxilotuetako bat, eta handik gutxira gainerako hirurak.

Atxiloketek Frantziako Errepublika egunaren harira uztailaren 14an Donibane Lohizunen jazotako gertakariekin lotura dute. Egun hartan, independentziaren aldeko manifestaldia egin zen "Asimilaziotik erresistentziara" lelopean, eta tentsio uneak bizi izan ziren manifestarien eta Jean-François Irigoyen alkatearen artean, azken horrek independentziaren aldeko pankarta jartzea eragozteko saiakera egin zuelako. Manifestazioa Donibaze Lohizuneko herriko etxera heltzean gertatu zen: manifestariek bertako burdin-hesian zintzilikatu zuten "Hau ez da Frantzia ezta Espainia ere" zioen pankarta, eta horren aurrean Irigoyen alkateak, frantziar bandera soinean, pankarta kendu zuen. Keinuak tentsio uneak sortu zituen. Irigoyen herriko etxera barneratzean, manifestariek berriz jarri zuten pankarta.

Hala ere, atxiloketak burutzeko arrazoiek ez dute lotura zuzenik egiten pankartaren harira izandako disputarekin. Atxilotuei leporatzen zaiena egun horretan "hilen monumentuko" ikur frantzesak ebaztea baita.

Atxilotuei elkartasuna adierazi asmoz, 150 lagun inguru bildu dira bertan goizean Baionako komisaldegi aurrean, Euskal Irratiak-en arabera.
 

Pausuko biribilgunean elkarretaratzea egingo dute iluntzeko 19:00etan.