argia.eus
INPRIMATU
Hiru familia etxegabetu ditu Berakah-k, Gasteizko elizaren gizarte ekintzak, urtebetean
  • Berakah fundazioa “baliabiderik ez duten pertsonei laguntzeko” sortua bada ere, aurten familia bat baino gehiago kalean utzi du. Urriaren 31n izan da azken etxegabetzea, Gasteizko familia bat kaleratu dute parrokoak etxegabetze demanda firmatu ostean.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 04a
Berakah-ren etxegabetzea gelditzea exijitzeko agerraldia egin zuen Auzoan Bizik urriaren hasieran. Auzoan Bizi

Berakah Gasteizko Santa Maria eta San Bizente Martiriaren parrokietako gizarte ekintza da eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu baliabiderik ez duten herritarrentzat, hala nola, etxebizitzak, jantokiak, elikadura bankuak, gaztelera klaseak eta aholkularitza juridikoa. Baliabideak banatzeko eta kudeatzeko orduan “praktika arbitrarioak eta subjektiboak” dituztela salatu du, ordea, Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak. 

Berakah-ko etxebizitza programan zegoen joan den ostegunean etxegabetu zuten familia, baina, fundazioaren “neurri irregularrak” salatu ostean kaleratu dituzte. Etxebizitza Sareak adierazi duenaren arabera, familiari elektrizitatea ordaintzea exijitzen zieten ordainagiririk erakutsi gabe. Neurri honi eta beste zenbait “sumisio exigentziari” uko egin zion familiak eta Berakah-k beste zerbitzuetarako sarbidea ukatu zion, elikadurarena eta arroparena esaterako, salatu dutenez. Etxetik joatea bultzateko praktika hori behin baino gehiagotan gertatu izan da, hango erabiltzaileek Hala Bediren azpiko bideo erreportajean azaldu dutenaren arabera (zati batzuk gaztelaniaz).

Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du ohikoak direla jarduera irregularrak, txantaiak, argi eta ur mozketak, kontratu faltsuak, eta antzeko praktikak. Mugimenduak etxebizitza alternatiba lortu du familiarentzat Gasteizko Alde Zaharrean. Hala eta guztiz ere, “egiturazko arazo” bat dela azpimarratu dute, eta salatu dute etxebizitza merkantzia den bitartean, ez dela “eskubide” izango. 

Doako etxebizitzaren alde

Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek batera deituta, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa egingo dute abenduaren 14an, Bilbon. “Doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka” mobilizatzeko deia egin dute. “Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!” lelopean aurkeztu dute deialdia. 

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, AZETek, Batu Elkarlaguntza Sareak, Saretxek, Haritu Elkarlaguntza Sareak, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Gasteizko Auzoan Bizik-ek egin dute deialdia.

Urriaren 25ean Bilbon eginiko prentsaurrekoa. Gedar