argia.eus
INPRIMATU
Hiru euskal preso politiko aske ostegunetik
  • Jon Mintegiaga Minde, Aingeru Cardaño eta Mikel Askasibar euskal preso politikoak aske geratu ziren ostegunean.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 05a
Jon Mintegiaga bere senideekin espetxetik atera berritan.

2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten Minde Herriraren aurkako operazioan. Aranjuezko espetxean zegoen preso, Ibarra bere jaioterritik 500 kilometrora. Epaiketaren zain geratu da, 20.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Bien bitartean, epaitegira joan beharko du sinatzera astero, eta ezin izango du Estatu Espainiarretik atera. Ostegun iluntzean egin zioten harrera bere jaioterrian, Ibarran.

 

Mintegiagak kartzelako bere gogoeten eta hausnarketen berri eman du ARGIAko Txabolotik blogean.

Cardaño presoa 2015eko irailean espetxeratu zuten. Hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2001eko “kale eraso bat” leporatuta. Aitor Fernandezekin batera epaitu zuten, eta biek iragarri zuten espetxe zigorra desobedituko zutela, Auzitegi Nazionala ez delako “inor euskal herritarrak epaitzeko”. Ongi etorria egin zioten ostegunean, Munitibarren.

Cardaño espetxetik atera den unea. 

Ongi etorriko argazkiak eta bideoak ikusgai Lea Artibai eta Mutrikuko hitzan.

 

Askasibar preso bergararra ere Herrera de la Manchako espetxetik irten zen, 25 urte espetxean igaro ondoren. Kartzela atarian harrera beroa egin zioten lagun eta senideek, eta ongi etorria egin zioten 19,30tan, Bergaran.