argia.eus
INPRIMATU
Hiru euskal preso politiko Reau espetxean koronabirusaren aurka
  • Kazeta.eus hedabidean Iurre Bidegainek landutako albistean irakur dezakegunez, Iratxe Sorzabal, Izaskun Lesaka eta Ainhoa Ozaeta dira Reauko emazteen espetxean koronabirusaren albo kalteak jasaten ari diren hiru euskal preso politikoak. Iratxe Sorzabalen abokatuak jakinarazi duenez hiruetako inork ez du koronabirusa pasa, baina jakinarazi du kartzeletako egoerak "ez duela segurtasunik bermatzen". 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2021eko urtarrilaren 26a

Hamabi kasu positibo atzeman dituzte Iratxe Sorzabal, Izaskun Lesaka eta Ainhoa Ozaeta preso dauden Reauko emakumeen moduluetan, eta beste bi gizonezkoenetan.

Frantziako estatuko kartzeletako behatokiak (OIP) salatu du ez duela datu ofizial eguneraturik baina positibo kasuek Frantziako estatuan gora egiten jarraitzen duten heinean, haren islada espetxeetan ere ikusiko dela. 

Espetxeetako bizi baldintzak

Bada ia urtebete osasun krisia mundu mailan pairatzen hasi zela, eta koronabirusaren kalteak gogorrak badira, are gogorragoa da espetxeetan. Izan ere, osasun neurriak behar baino beranduago iritsi ziren espetxeetara. Esaterako, musukoen erabilera: Frantziako espetxeetan urriko hilabetean jaso zituzten lehenak, ordurako estatuko beste toki batzuetan musukoen erabilera derrigorrezkoa zenean. 

Kazeta.eus-en jasotzen denez, eskuak garbitzeko gelak ere debekatuta daude kartzeleetan, alkohola dutelako. Eskuak garbi izatea aldiz, presoen osasuna zaintzea bermatzen duen eskubideetako bat dela jakinarazi du behatokiak. 

OIP behatokiak kartzeletan espetxeratuek bizi duten isolamenduari aterabideak aurkitu nahi dizkiote, "kartzeletako hetsialdiak jada ondorio kaltegarriak ekartzen ditu, horregatik ahalegindu behar dugu harremana kanporantz irekitzen, pertsonak psikologikoki laguntzeko" azpimarratu dio Francois Bes OIPeko ikerketa arloaren koordinatzaileak Kazeta.eus-i. Presoez gain, senideek ere koronabirusak espetxeetan ezarri duen egoera horren ondorioak pairatzen dituzte, "ezinegona bi aldeetan sentitzen da" gehitu du, izan ere, pandemia hasi zenetik espetxeetako bisiten kopurua nabarmen murriztu da.