argia.eus
INPRIMATU
Hiru etxaldetik batek segida kolokan dauka Ipar Euskal Herrian
  • Hiru etxaldeetatik batek ez du segidarik Ipar Euskal Herrian eta azken 30 urtetan 2.500 etxalde galdu dira Euskal Herrian. Arazo honi aurre egiteko, Laborantza Ganbarak 2019an etxaldeen transmisioa lantzeko lanpostu bat sortu zuen eta orain diru biltze kanpaina aurkeztu du, postu hori ginantzatzeko eta baliabide gehiago lortzeko.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 05

Iurre Bidegainek Kazeta hedabidean landu duen albistean jaso duenez, egun 4.500 etxalde zenbatzen ditu Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) eta horietatik heren baten martxa 50 urtez gorako laborariek daramate: "Heren batek ez daki segida izanen duen bere etxaldeak" adierazi du EHLGko Daniel Barberak.

2019tik 18 etxalderen transmisio arazoari erantzun dio EHLGk

2019an gaiari heldu zionetik, EHLG etxaldea uztekotan diren 65 laborarirekin elkartu da eta Euskal Herrian zehar "kafe-transmisioak" antolatu ditu, gaiaz hausnartzeko. Lan horrei esker, segidarik ez zuten 18 laborari lagundu dituzte: horietako bostetan etxaldearen transmisioa gauzatu da, beste zazpi segida lortzeko bidean dira eta lau kasutan proiektuari helduko dioten pertsonen bila ari dira.

Segida bilatzen duten etxaldeak mapa honetan jartzen ditu ikusgai EHLGk.

Gai tabua ere bada

Gaia "biziki delikatua" dela azaldu dute EHLGko kideek, "anitzentzat tabu bat bilakatu baita". Etxaldeari jarraipena familiatik kanpo bilatzeko urratsa ez dela erraz ematen azaldu dute. Lehen etxaldeei segida familien barnean ematen zitzaien, baina egun egoera oso aldatua dago eta hala denean ere, belaunaldien arteko eztabaida pizten da batzuetan. Baina kasu askotan etxekoek beste asmo batzuek dituzte eta kanpokoekin egin behar da harremana: "Gazte anitz hurbiltzen dira, anitzetan laborantzatik urrun direnak eta Euskal Herrikoak ez direnak", adierazi dute EHLGko kideek.

Diru-bilketa kanpaina martxan

"Bihar nahi badugu gure etxaldeek bizi diten, denen beharra dugu" adierazi zuen azaroaren 3an Daniel Barberarenak. Hilaren 30era arte dago aukera ekarpenak egiteko webgunean edo txeke bat bidalita Ainhize-Monjoloreko egoitzara.

Iaz antolatutako kanpainari esker, 80.000 euro lortu zituzten eta kopuru horrek egituraren aurrekontuaren %20 estali zuela nabarmendu dute.