Lehendik zeuden hiru ertzainez gain, beste hiru auzipetzea erabaki du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, familiak aurkeztutako helegitearen ondorioz. Ertzaintzako sindikatuek gogor kritikatu dute erabakia eta erantzukizunak eskatu dizkiete arduradun politikoei.
Iñigo Cabacas hil zuten gauean kargan parte hartu zuten ertzainak dira seiak. Aurretik auzipetuak zeudenak furgonetetako gidariak ziren, eta orain auzipetutakoak gau horretan tiro egin zutenak. Hasiera batean hiru ertzain hauek epaiketatik kanpo geratu ziren, beraiek tiro egin zutela aitortu zuten arren, beste askok ere tiro egin zutelako, eta epailearen ustez egile zuzena zein izan zen jakitea ezinezkoa zela ebatzita.
Bi ertzainburu eta Deustuko ertzain etxetik operazioa zuzendu zuen ofiziala auzipetzeko eskaera egin zuen akusazio partikularrak, baina hauek apirilean epaiketatik kanpo geratu ziren, eta oraingo helegitearekin ez da egoera aldatuko.
Lehendik auzipetuak zeuden ertzainei akusazioak dagoeneko launa urteko espetxe zigorra eskatua du “zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa” egotziz. Orain beste hiruentzako eskaera egin behar dute. Azpimarragarria da fiskaltza une oro izan dela Ertzainen alde, auzia ixteko eskatuz behin eta berriro.
Cabacasen familia pozik agertu da epailearen erabakiarekin, ez aldiz Ertzaintzaren sindikatuak. ERNEren hitzetan, Ertzainek aginduak baino ez dituzte betetzen eta erantzukizunak arduradun politikoek hartu behar dituzte.