Ahozko epaiketa egiteko autoa kaleratu du gaur epaileak, instrukzio aldiari amaiera emanez. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egitea egotzi die 2012ko apirilaren 5ean Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboko hiru furgonetetako arduradunei.
Igandean bost urte beteko dira Iñigo Cabacas Athleticzale gaztea hil zutenetik; aurten ere, bere senide eta lagunek, Iñigo Gogoan Herri Ekimenarekin elkarlanean omenaldia eskainiko diote Maria Diaz Harokoaren kalezuloan, zauritu zuten leku berean eta Justizia Jauregia inguratzeko deialdia ere zabaldu dute.
Cabacas auzia instruzio fasean egon da gaur arte, Gaztea hil zenetik bost urte igaro badira ere. Cabacasen defentsak sei ertzain auzipetzeko eskatu dio epaile instruktoreari, zuhurtzigabekeriazko hilketa leporatuta; tiro egiteagatik eta arrisku egoera bat sortzeagatik. Sei ertzainen artean operazioa zuzendu zuena, bi buru eta gertakarien lekuan zeuden beste hiru daude.
Epaileak ez du operazioa zuzendu zuen ofiziala auzipetu ezta gomazko pilotak jaurti zituen ertzaina ere ez.
Apirilaren 7an, ostirala, 19:30ean giza katea deitu du Iñigo Gogoan Herri Ekimenak. Helburua Justizia Jauregia inguratzea da "inpunitatearekin amaitu eta justizia exijitzeko" asmoz. Aldiz, larunbatean, urteroko omenaldia antolatu dute senide eta lagunek Kirruli plazan 12:30ean.
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jo eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.
Apirilaren 4a, asteartean, Athleticek RCD Espanyol taldearen aurka San Mamesen 19:30ean jokatuko duen partiduan, Iñigo Gogoan Herri Harmailak omenaldia egingo dio Iñigo Cabacasi: partidua hasi aurretik kartulinak banatuko dituzte eta 28. minutuan (Cabacas hil zutenean zuen adina), zenbaki bera irudikatuko dute harmailan.
Albistea Uriola.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta