argia.eus
INPRIMATU
Hiru emakumez abusatzea egotzita abade bat kargugabetu du Bizkaiko Elizak
  • Euskalerriko Eskautak mugimenduko kide ziren emakumeak eta abadea. Bilboko Gotzain nagusiak abusuen berri jakin orduko ikerketa ireki eta salaketa ipini zuen. Kasua Bizkaiko Fiskaltzaren esku geratu da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 11
Elizbarrutiak emandako prentsa oharraren irudi bat / Argazkia: infocatolica.com

Hiru andre dira biktimak, adindunak, eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduko kideak. Abusuak 2015, 2016 eta 2017an izan ziren, eta urte horietan talde horren konsiliarioa zen ustezko erasotzailea, hau da, gazte katolikoekin aisialdia eta hezkuntza lantzen dituen erakunde katolikoaren arduradun nagusia. Iazko udazkenean utzi zion eskaut mugimenduan parte hartzeari. Gaur arte Bilboko Elizbarrutiko Uribeko bikariotzako burua eta Gotzain Kointseiluko kide izan da. Elizbarrutiak astelehenean publiko egin zituen ustezko erasotzaileari salaketa jarri diotela. Bizkaiko eskaut mugimenduak babesa agertu zien biktimei eta euren familiei. Antzeko beste kasurik balego jakinarazteko eskatu zieten gainerako kideei.

Euskalerriko Eskauten mugimenduak duela hilabete izan zuen abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan izandako ustezko “portaera sexual desegoki” batzuen berri. Bilboko Gotzain nagusia, Mario Izeta, jarri zuten kasuaren arduradun, eta Elizbarrutiari ikerketa abiarazteko eskatu zion. Astelehenean eman zuten gertakarien berri, eta kasua Bizkaiko Fiskaltzaren esku geratu dela jakinarazi zuten.