argia.eus
INPRIMATU
Hiru ekintzaile kurdu hil dituzte tiroz Parisen, Turkiaren eta PKKren negoziaketen erdian
  • Hiru ekintzaile kurdu hilda topatu dituzte bart Parisko Institutu Kurduan, buruan tiro bana zutela. Hirurak emakumeak ziren, eta horietako bat Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) fundatzaileetako bat zela diote informazio iturri kurduek: Sakine Cansiz. Beste biak Fidan Doan Kurdistango Kongresu Nazionaleko ordezkaria eta Leyla Soylemez, gazte ekintzailea ziren.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2013ko urtarrilaren 10
Twitter bidez zabaldu dute hildako hiru emakumeen argazkia.

 

Manuel Valls Frantziako Barne Ministroak adierazi du hilketak “onartezinak” direla. Oraingoz ez dago informaziorik hilketak nork egin dituen. Sare sozialetan hainbatek kurduek Turkia ikusten dute ekintza honen atzean. #TwitterKurds etiketarekin ari dira gaiaren jarraipena egiten.

Bake negoziazioak PKK eta Turkiaren artean

Exekuzioaren itxura duten hilketa hauek etorri diren momentuan, Turkiako Gobernuaren eta PKKko buru Abdullah Öçalanen arteko negoziaketak izaten ari dira. Öçalan Istanbul ondoan dagoen Imrali uharteko kartzelan dago 1999tik –Nelson Mandela bere garaian egon zen bezala, irla batean espetxeratuta–. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdogan gaiaz mintzatu zen eta amnistiarik ez dela izango adierazi zuen. Joan den ostegunean, hainbat mediok jaso dutenez, bi legebiltzarkide kurduri Oçalan bisitatzen utzi zioten, benetan ezohiko bilera, liderrak urteak baitaramatza bakartuta.

“Öçalanekin biltzea norabide onean emandako pausoa da, logikoa da eta egokia”, adierazi zuen BDP alderdi kurduko lider Selahattin Demirtasek. “Turkian bakea honela bakarrik lor daiteke”, gehitu zuen.

Negoziaketa hau preso kurduek hasitako gose greba gogor baten ostean etorri da. 68 egun jan gabe egin zituzten ehunka presok, eta amaierarako 10.000 bat pertsonak egin zuten bat baraualdiarekin. Lehen heriotzak oso gertu zirela, Öçalanen eskariz eman zioten amaiera, eta ondoren hasi dira negoziaketak. Guztira 1984tik 40.000 hildako utzi dituen gatazkari amaiera jartzea da asmoa.

Testuingurua

Kurdistan munduko estaturik gabeko naziorik handienetakoa da eta bost estatutan zatituta dago: Turkia, Irak, Iran, Siria eta Armenia. Guztietan gutxiengoa dira, baina 40 milioi kurdu direla kalkulatzen da. Munduan diaspora zabala dute. Beren hizkuntza kurduera da.

Informazio gehiago:

Karlos Zurutuzaren Kurdistan bloga. Bertan bere egunerokoaz gain, erreportajeak, bideoak, diaporamak eta gaiarekin erlazionatutako loturak topatuko dituzu.

 

Taupadak blogean argitaratutako artikulua. Bertan, estaturik gabeko herriei buruzko informazio gehiago topatuko duzu.