Euskal ikerlariek euskal herritarrei testak masiboki egiteko protokoloa garatu dute, eta Zalla Baik sinadura bilketa abiatu du horren alde. Pandemiarekin amaitzeko biderik eraginkorrena dela adierazi dute osasun arloko langileek zein Osasunaren Munduko Erakundeak. Eusko Jaurlaritzak asteartean adierazi du oraindik ikerketa fasean dagoen beste test baten alde egingo duela; asteazkenean, sustatzaileekin bilduko dela eta kontuan hartzen ari dela.
Larunbatean egin zen publiko ekimena change.org atarian, astearterako gainditua zuen 25.000 sinaduren langa, eta kopuruak gora egiten jarraitzen du (asteazken arratsaldeko lehen orduan, 30.000 sinaduratik gertu). Sinadura eskatzeko orrian, Zalla Bai udal plataforma independenteak gogoratzen du osasun arloko aditu eta langileen arabera, “testak masiboki egitea pandemia hori menderatzeko neurri nagusietako bat” dela. Baita hori “modu ekonomiko, azkar eta fidagarrian egiteko” EHUko eta beste erakunde batzuetako ikerlariek protokolo zehatz bat garatu dutela ere. Ikerlariek “baliabideak eta tresnak” eskatu dituzte koronabirusaren pandemiari aurre egiteko, “baina baita ‘etorkizuneko balizko krisiei’ azkartasun eta eraginkortasun handiagoz aurre egiteko ere”.
Zalla Baik eskerrak eman dizkie ekimena babestu duten milaka herritarrei.“Laguntza masibo hori gizarte gisa ditugun baliabide guztiak koordinatzeko dei bat bezala ulertu behar dugula uste dugu”, adierazi du ekimen herritarrak.
Eusko Jaurlaritza: atzo ez, gaur akaso
Osasun arloko arduradunek egunero ematen duten prentsaurrekoan mezu ezberdinak helarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Asteartean "Koronatest" izeneko testaren alde egin du Nekane Murga Osasun sailburuak. “Koronatesta” ikerketa fasean dago egun. EHUko ikerlariek garatutako testa, Zalla Baik babesten duena, merkeagoa da horren aldean, eta Espainiako Osasun Ministerioaren oniritza jaso du dagoeneko. Asteazken goizeko prentsaurrekoan hitza hartu duena Osasun-Plangintzako zuzendari Mikel Sánchez izan da. Kazetarien galderei erantzunez, adierazi du EHUko ikerlariek gratutako testa berri ona dela eta kontutan hartzen ari direla. Arratsaldean test horren sustatzaileekin biltzekoa dela ziurtatu du.