argia.eus
INPRIMATU
Hiru egunetan 12.000 kurrilo pasatu dira Organbidexka gainetik udazkeneko migrazioan
  • Udatik hona milaka dira Europako Iparraldetik Afrikarantz Pirinioak zeharkatzen dituzten hegaztiak. Euskal Herriko pasabidean bi behatoki berezitan zenbatzen dituzte urtero legez: Organbidexkan eta Lindusen. Aste hau 'pase' handikoa izan dela diote bietatik albisteak zabaltzen dituzten boluntarioek.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko urriaren 26a
Kurriloak Organbidexka gainean egunotan. (Argazkia: LPO Migrazioen Akitaniako Behatokia)

LPO Migrazioaren Akitaniako Behatokia arduratzen da Zuberoa eta Nafarroa artean Irati ondoan den Organbidexka gaineko behaketaz. Organbidexkako behatokia borroka eta lan askoren emaitza da, Organbidexka Col Libre elkarteak 1982an lortu zuen ehiztariek hartuta zeuzkaten mendi guztien artean lepo hori alokatu, bertan ehiza galarazi eta behatokitzat ezartzea.

Urriaren 24an behatzaileek zabaldu dute beren Facebookean: "Egun bikaina urriaren 23a Organbidexkako behatzaileentzako: usoak trumilka pasatu dira lepo gainetik, 37 901 hegazti zenbatu ditugu, horien artean eten gabeko pasean joan diren 17 000 inguru uso!".

Aurreko egunak ez dira txarragoak zian, nonbait, bezperan jakinarazi zutenez: "Berriro Organbidexkako zerua hegazti migratzailezz bete da! Aurreko egunetan lainoek ikuspena mugatzen zuten arren lepoan, kurrilo eta usoen pase izugarriek asebete dituzte aste honetan behatzaileak. Urriaren 19tik aurrera kurriloak saldoka iritsi dira, hiru egunetan 12.000 ale kontatzeraino! Usoak ere dotore azaldu dira, orain arteko egun bereziena urriaren 21a izan delarik: 13.091 uso egun bakarrean (denetara orain arte 25.154 metatuz), aurreko bi urteetan denboraldi osoan pilatutakoak baino gehiago. Emozioz betetako astea izan dute Organbidexkako behatzaileek".

Iaz, 2017ko urriaren 24an, zikoina beltzak izan ziren protagonistak Organbidexkan, bideo honek erakusten duenez:

Euskal Piriniok bigarren behatoki aparta Lindus mendilerroan dago, Nafarroako Auritz, Orreaga eta Ibañeta inguruetan. Lindus 2 proiektuak bermatzen ditu hemengo behaketa lanak. Hemen urriaren 23an 85.000 usotik gora zenbatu zituzten eta 3.000 kurrilo baino gehiago.

 

Hala ere, hegaztien udazkeneko migrazioa udazkena baino askoz lehenagotik hasten da, uda betean. Uztailean, esaterako, Mendenbaldeko Pirinioetan 20.000 miru beltz baino gehiago ikusi zen inguruok zeharkatzen.