argia.eus
INPRIMATU
Hiru eguneko greban dira Haurreskolak Partzuergoko langileak, Jaurlaritzaren “negoziatzeko borondate eza” salatzeko
  • Astelehenean EAEko Haurreskolak Partzuergoko langileen %72k egin zuen greba eta asteartean %71,55ek, sindikatuen arabera. Asteazkenean egingo dute hirugarren greba eguna, Lakua inguratuz. “Lotsagarria iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea”, diote sindikatuek.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 23a
Argazkia: Ecuador Etxea

ELA, LAB eta STEILASek deituta, astelehenean mobilizazioak egin zituzten EAEko hiriburuetan eta asteartean kontzentrazioa eta kotxe karabana egin dute Eibarren; hainbat herritan ere elkarretaratzeak egingo dituzte arratsaldean. Asteazkenean, Lakua inguratuz manifestazioa egitea da asmoa.

Negoziatzeko deiaren aurrean, berririk gabe jarraitzen dutela eta bilera birritan atzeratu dutela kritikatu dute sindikatuek. Jaurlaritzaren eta Partzuergoaren “isiltasuna” salatu dute, eta gehitu dute Eusko Jaurlaritzak “lotsarik gabe” onartu duela irakaskuntza publikoko kolektibo guztientzat lortu diren akordioetatik indarrean ez dagoen –eta beraz betetzen ez den– bakarra haurreskoletakoa dela.

Aurreko egunetan kontatu dugunez, haurreskoletako hainbat guraso taldek ere bat egin du borrokarekin, hezkuntza kalitatea bermatzea helburu.

Aldarrikapen zehatzak

Langileen eskaerak honakoak dira: Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasa bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea; eta aurrekontua handitzea.