argia.eus
INPRIMATU
Hiru deportatu politiko itzuli dira Euskal Herrira Cabo Berdetik eta Kubatik
  • Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, uda honetan etxera itzuli dira Emilio Martinez de Marigorta eta Felix Manzanos Cabo Berdetik eta Iñaki Rodriguez Kubatik. Oraindik, baina, beste bost deportatu eta 24 erbesteratu politiko daude Euskal Herritik kanpo.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 15a
80ko hamarkada amaieran hasi ziren lehen deportazio politikoak eta urte asko egin dituzte Euskal Herritik urrun dauden irla eta herrialdeetan (argazkia: Etxerat)

Hiru hamarkada baino gehiago etxetik urrun igaro ondoren, Euskal Herrian dira Emilio Martinez de Marigorta gasteiztarra, Felix Manzanos ugaotarra eta Iñaki Rodriguez deportatu politikoak. Lehen biak Cabo Berden izan dira 33 urtez, 1989an Aljeriatik deportatuak izan ondoren, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketek porrot egin zutenean.

Rodriguezek, berriz, 37 urte egin ditu Euskal Herritik kanpo, 1985ean atxilotu eta konfinaturik egon ostean, lehenik Cabo Berdera eraman zuten eta ondoren Kubara.

Etxeratek jakinarazi duenez uda honetan itzuli dira Euskal Herrira hirurak. Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen elkarteak gogorarazi du, baina, oraindik beste bost deportatu politiko geratzen direla etxera ezin itzuli daudenak, baita 24 erbesteratu ere.

1980ko hamarkada bukaeran hasi ziren lehen deportazio politikoak, eta gutxienez 70 lagun eraman zituzten munduko beste toki urrunetara zigor moduan. Haietako 12, gainera, hil egin dira etxera bueltatu gabe.

Etxeratek azaldu duenez, deportazioaren kalteak ingurukoek ere jasaten dituzte: "Urte luzez lotura afektiboari eusteko milaka kilometro egitera behartuta dauden deportatuen senideek", esaterako.