argia.eus
INPRIMATU
Hiru dekretuetatik bi onartzea lortu du Espainiako Gobernuak, JxC-ren abstentzioari esker
  • Krisiaren aurkako hainbat neurri onartu dituzte Espainiako Kongresuaren osoko bilkuran, hala nola BEZaren murrizketak eta garraiorako deskontuak. Onartu gabe geratu da langabezia subsidioaren erreforma, Podemosek Sumarreko proposamenaren aurka bozkatu ondoren.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 11
Senatuan egindako osoko bilkura. // Argazkia: PSOE

Espainiako Gobernuak eskuartean zituen hiru dekretuetatik bi onartzea lortu du Junts per Catalunyaren (JxC) abstentzioari esker. Onartutako dekretuetan ezartzen diren neurriak garraiorako deskontuak eta BEZaren murrizketak dira. Onartu gabe geratu dira, ordea, langabezia subsidioaren erreforma eta erkidegoetako lan-hitzarmenenei lehentasuna ematea Espainiakoen aurrean. Senatuan egin dute osoko bilkura, Diputatuen Kongresuan eraberritze lanetan ari baitira.

Bi bloke bereizi dira Pedro Sánchezen inbestidura babestu duten alderdien artean. Batzuek dekretu guztien alde bozkatu dute kritikaren bat egin arren, adierazi dutenez, herritarrentzat “oro har onak” direlako neurriak. Alde bozkatu dutenen artean daude EH Bildu, EAJ, ERC, BNG eta Koalizio Kanariarrak.

Podemos eta Sumar alderdien arteko hausturan urrats berria

Junts per Catalunyak (JxC) eta Podemos izan dira beste aldean. JxC-ek hasiera batean adierazi zuen ez zuela dekretuen aldeko botorik emango, eta hala egin du: hasieran ez du hiru ekimenetako batean ere bozkatu. Gobernuarekin izandako azken uneko negoziazioen ondoren, ordea, abstenitu egin da krisiaren aurkako dekretuaren bigarren bozketan, eta onartzea erraztu du. Akordio horien artean sartzen dira garraio publikoaren deskontuan aldaketak egitea, olioaren BEZ murriztea eta zenbait lege-artikulu baliogabetzea, besteak beste.

Aldiz, Podemosek krisiaren aurkako neurrien alde egin duen arren, ezezkoa eman dio langabeziagatiko subsidioaren erreformari, eta eskuineko oposizioaren botoekin batera bertan behera geratu da neurria. Bozka horrek Podemos eta Sumar alderdien arteko hausturan urrats berria dakar, Yolanda Díazek gidatu baitu subsidioaren inguruko proposamena.

Onartutako eta atzera botatako neurriak

Onartutako neurrien artean daude Europako funtsak eskuratzeko erreformak, garraio publikoko eta elikagaietako onurak, argindarraren eta gasaren BEZaren aldaketak, kotizaziopeko pentsioen gehikuntza, gutxieneko pentsioen eta kotizazio gabeko pentsioen igoera, zerga berezien luzapena eta beste neurri sozial batzuk. Bertan behera geratu dira, aldiz, langabezia subsidioaren erreforma eta erkidegoetako lan-hitzarmenenei Espainian izenpetutakoen gainetik lehentasuna ematea.