Hiru lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Nafarroan astelehen goizean eta arratsaldean libre utzi dituzte. Naizek jakinarazi duenez, Korrikan euskal preso politikoen argazkiak eramateagatik atxilotu dituzte, "terrorismoa goratzea" egotzita. Ahotsa.info-k dioenez, laugarren baten bila aritu dira.
Astelehen goizean Guardia Zibilak ‘Pol’ de Miguel, Fran Iso eta Olatz Martinez de Lizarrondo atxilotu ditu, antza denez Korrikaren aurtengo edizioan zenbait preso politikoren argazkiak eraman izanagatik. Arratsaldean libre geratu dira.
Naizek gazteen defentsako iturrietatik jakin duenez, Guardia Zibilak bere kabuz egindako atxiloketa izan da, fiskaltzak esku hartu barik, eta albistea idazteko orduan ez zen segurua guardia zibilek herritarren batek aurkeztutako salaketarik jaso duten. Antza, ADN frogak egin nahi zizkieten, baina gazteek uko egin diote. Berriak eskaini duen bertsioan, ordea, Madrilgo gobernuak Nafarroan daukan ordezkaritzak esan du Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu dituztela hiru gazteak. Datozen orduetan jakingo da zerbait gehiago.