argia.eus
INPRIMATU
Hiru atxilotu 71 etorkin kamioi batean hilda aurkitu ostean Austrian
  • Ostegunean Austriako ekialdean, Hungariako mugatik gertu, 71 lagun aurkitu dituzte errepide bazterrean utzitako kamioi batean asfixiaz hilda. Gertakariarekin zerikusia dutelakoan ustezko hiru trafikatzaile ilegal atxilotu ditu Hungariako poliziak, Kronen Zeitung egunkari austriarrak aditzera eman duenez, eta beste lauren bila dabil.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko abuztuaren 28a
Gutxienez 71 pertsona hil dira Austrian kamioi batean asfixiatuta (Argazkia: Bild)

Ostegunean zenbait komunikabideek 50 pertsona izan zitezkeela zabaldu bazuten ere ostiralean 70 hildakotik gora daudela baieztatu dute. Hilotzak oso egoera txarrean daudela ere esan dute.

Poliziaren arabera gorputzak egun eta erdi eta bi egun tartean zeramatzaten hilda, segurtasun kameren arabera kamioiak Hungaria eta Austria arteko muga asteazken goizean pasa baitzuen. Kamioi gidaria errumaniarra dela ere baieztatu du poliziak eta mafiako kide gehiago Errumanian egon daitezkela ere esan dute.

Kamioia oilaskoen negozioetan aritzen den Hyza enpresa eslovakiarrekoa da.  1949. urtetik oilasko produkzioan Europako enpresa handienetakoa da.

Azken asteetan trafikatzaile ilegalen kopurua biderkatzen ari da, eta 1.500 euro bitarte eskatzen ari dira Belgrado, Serbiako hiriburutik Austriarako bidea egiteagatik.

Ostegunean Austriako barne ministroak esan du “egun iluna” dela eta trafikatzaile ilegalekin “tolerantzia zero” edukiko dutela.

Protestak Austrian

Refugee Welcome taldeak protestak egin ditu Austrian Europar Batasunak immigrazioaren aferan jokatzen ari den papera salatzeko eta hildako lagunei elkartasuna adierazteko.