argia.eus
INPRIMATU
Hiru asterako itxiko dute Hegoafrika ere
  • Ezinbestekoak diren lanbideak izan ezik, gainontzeko guztiak uztiko ditu bertan behera Hegoafrikak. Militarrak eta poliziak izango dira itxialdia betetzen dela ziurtatzeko arduradunak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 24a
Cyril Ramaphosa presidentea koronabirusari aurre egiteko neurrien berri ematen.

“Proportzio handiko katastrofea” saihesteko hartu ditu neurriak Cyril Ramaphosa presidenteak. Neurri horien artean nazioarteko zenbait hegaldi bertan behera uztea eta beharrezkoak ez diren lantoki guztiak ixtea daude, besteak beste.

Joan den astean desastre nazionala deklaratu zuen gobernuak, eta eskolak itxi eta gizarte-urruntzerako deia egin zuten. Neurri horiek nahikoa ez eta herrialdea guztiz itxiko dute martxoaren 26tik aurrera.

Hegoafrikako biztanleria gehiena gaztea bada ere, arrisku-taldeetan daude asko GIB edo malnutrizioari lotutako gaitzengatik. Horrez gain, osasun-sistema publikoak baliabide urritasun handia duela argitaratu du The Guardianek. Hori horrela, Ramaphosak proba medikoak areagotzeko asmoa adierazi du, baita neurri ekonomikoak ere, bankuak, negozioak eta lanak babestuko dituena.

Herrialdea ixteko erabakia koronabirusaren kasuek gorakada nabarmena izan eta gero etorri da; astebete eskasean 61etik 400 kasura egin du salto kopuruak. “Kopuruak hazten jarraituko du. Argi dago erantzun urgente eta dramatiko bat eman behar diogula”, esan du presidenteak, eta aste gutxiren buruan kutsatuak milaka izango direla aurreikusi du.