argia.eus
INPRIMATU
Hiroshimatik 70 urtera, 15.850 arma nuklear dituzte bederatzi herrialdek
  • Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti zituztenetik 70 urte bete dira aste honetan. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zela AEBk Japonen egindako sarraskia gogoratzen den egun hauetan, munduko bederatzi herrialdek 15.850 arma nuklear dituzte eskura. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 06a
70 urte bete dira aste honetan Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti zituztenetik (argazkia: mx.tuhistory.com)

Egun, Errusia eta AEB dira, armamentu nuklearrari dagokionez, munduan nagusi: 7.000 buru nuklear baino gehiago dituzte biek. Fabrikazioan AEB da aitzindaria, eta historian pertsonen aurka arma nuklearrak erabili dituen bakarra ere bai.

2014ko Do not Bank to the Bonb informaren arabera, 411 banku erakundek finantzatzen dute munduko armamentu nuklearra, BBVA eta Banco Santander horien artean. 3.034 eta 830 milioi dolarretako inbertsioak egin dituzte banku horiek, hamar enpresa nuklearretan.

1968ko Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren arabera, NBEko Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek soilik eduki ditzakete arma nuklearrak. Hainbat informeren arabera, ordea, Pakistan, India, Israel eta Ipar Koreak ere badute armamentu nuklearra.

FundiPau bakearen aldeko erakundeko Jordi Armadansek adierazi duenez, egungo arma nuklearren suntsitzeko gaitasuna Hiroshima eta Nagasakikoena baino 100 aldiz handiagoa da. Globalki begiratuta, arma nuklearren kopurua 50.000tik gaur egungo 16.000ra jaitsi bada ere, hainbat potentzia nuklear bere armagintzaren modernizazio eta hobetze programetan murgilduta daude. 

Hiroshima eta Nagasaki, hondamendi nuklearraren adibide

Bigarren Mundu Gerra amaieran, 140.000 hildako eragin zituen Hiroshimako bonbak, eta 74.000 Nagasakikoak. 1945eko uztailaren 6an jaurti zuten lehen bonba, uraniozkoa, eta uztailaren 9an bigarrena, plutoniozkoa. Harry S. Truman AEBetako presidenteak eman zuen erasoa gauzatzeko agindua.

Urteak geroago, bizirautea lortu zuten biztanleen artean minbizia eta gaixotasun kronikoen kopuruak izugarri igo ziren, eta abortoak eta fetoen malformazioak ere ohiko bihurtu ziren, erradiazioen ondorioz.