argia.eus
INPRIMATU
Hirikon aritu zirenek auto elektrikoaren “modeloa” saltzeko enpresa pribatua sortu dute
  • Hirikok hondoa jo zuen, eta berarekin desagertu ziren administrazio publikoetatik jasotako 17 milioi euro, baina Iñigo Urkidi arduradunaren hitzetan proiektua arrakastatsua izan zen: “Ez dakit dirua hartu den hala ez, baina I+G proiektua egin da eta zoragarria da”. Orain, Tokiko enpresa pribatua sortu dute “modeloa saltzeko”.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko ekainaren 18a
Hiriko auto elektrikoa ez zen produkzio fasera iritsi, baina teknologia garatu zen, eta hori komertzializatu nahi dute orain modu pribatuan.

Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean egin ditu adierazpenok Iñigo Urkidik, EH Bilduko Igor Lopez Muniainen itaunei erantzunez. Inbertitzaile pribaturik lortu gabe, Hiriko partzuergoak hondoa jo zuen autoak egiten hasi aurretik, eta hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuenean, jasotako diru publikoa zertan gastatu zen azaleratu zen: alokairu eta soldata desorbitatuetan, besteak beste. Datu susmagarri horien ondorioz sortu zen Legebiltzarreko ikerketa batzordea.

Hiriko proiektuan ardurak izan zituzten Urkidik eta beste zenbait enpresarik, diru publikoz garaturiko teknologia eta “lorturiko ezagutza” baliatu dute orain, eredu bera komertzializatuz euren negozioa sortzeko.