argia.eus
INPRIMATU
Hiriko proiektuaren arduradunak kiebraren erruduntzat jo ditu epaileak
  • Hiriko auto elektrikoa sustatu zuen konpainiako arduradunak enpresaren kiebraren erruduntzat jo ditu Gasteizko merkataritza-epaitegiak. Jesus Echave, Iñigo Antia, Jose Luis Bengochea eta Fernando Achaerandiok 530.000 euroko indemnizazioa ordaindu beharko diete hartzekodunei.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 20a
Auto elektrikoak Araban ekoizteko proiektuak porrot egin eta milioika euro publiko galdu ziren (argazkia: Robert Hextall).

Gainera, bi urteko inhabilitazioa ezarri die besteren jabetzak administratzeko eta beste edozein pertsona ordezkatzeko. Sententziak, bestalde, ez ditu erruduntzat jo Hiriko proiektuan parte hartu zuten hamar enpresa eta ardurarik ez zutela izan ebatzi du.

18,9 milioi euroko zuloa utzi zuen Hiriko auto elektrikoaren proiektuak. Euskal erakundeek eta Espainiako Estatuak finantzatu zuten egitasmoa. Behin porrot eginda, enpresarentzat izendatu zuten konkurtso-administratzaileak, Francisco Javier Escobosak, epaiketan adierazi du Hiriko proiektua gauzatu behar zuen Afypaida elkartea kaudimenik gabe geratzearen arduradunak zigortutako lau pertsonak izan direla.

Hiriko huts egindako beste zenbait automobil-proiektuetako bat izan zen. Harekin batera pentsatu ziren inbertsio handiak eskatu zituzten beste ideia batzuk ere, hala nola, Epsilon Euskadi taldea, 1 Formulako automobil-talde bat sortzea xede zuena –50 milioi euroko zuloa eragin zuen– eta lasterketak egiteko eraiki behar zuten zirkuitua Arakamendin. Huts egindako egitasmo horiek diru-galera handiak eragin dizkiote EAEko erakunde publikoei.