argia.eus
INPRIMATU
Hiriko auto elektrikoaren sustatzaileen kontra kereila kriminala jarri du Arabako fiskalak
  • Diru zuriketa eta iruzurra leporatzen die, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako 17,7 milioi euro bidegabe xahutzeagatik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko otsailaren 17a
Jesus Echave enpresaria eta EAJko kidea da Hiriko auzian inplikatu nagusietako bat. Irudian, Durao Barrosorekin auto elektrikoaren prototipo barruan (arg: Infoartenet)

Josu Izaguirre Arabako fiskal nagusiak kereila kriminala jarri du Hirikon parte hartu zuten sozietate publiko eta enpresen sei arduradunen kontra, dirua zuritu, bidegabe erabili eta iruzurra egiteagatik. Gasteizko instrukzioko 3. epaitegiaren esku utzi du dokumentazio guztia.

Hiriko proiektuak auto elektrikoen prototipoak egitea zuen helburu eta horretarako erakunde publikoetatik 17,7 milioi euro –Espainiako Gobernuak 15 milioi  eta Eusko Jaurlaritzak 2,7 milioi– jaso zituen hura sustatu zuen arabar enpresari taldeak. 2010ean eta 2011n izan zen hori, Zapateroren Gobernua EAJrekin Estatuko aurrekontuak negoziatzen ari zen unean.

Ezaguna da proiektuaren bihotzean EAJ alderdiko kideak aritu direla. Proiektua bultzatu zuen merkaritza-sozietate nagusia Afypaida izan zen, Jesus Echave EAJko kidea presidente zuela. Era berean, kontsorzioan parte hartu zuten zenbait ingeniaritza enpresa sortu berrik, baita Massachusettseko Teknologia Institutuak eta Dennokin Berrikuntza zentroak ere.

Hirikok prototipo bakarra aurkeztu zuen Bruselan, Durao Barroso Europako Batzordeko Presidentea ohorezko gonbidatu zuela. Ondoren hondoa jo zuen eta bere 21 langileei soldata ordaintzeari utzi zion. Administrazio publikoetatik jasotako dirutza baina ez zuen inork inoiz gehiago ikusi.

Sozietateak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuenean azaleratu ziren gastu desorbitatuak eta justifikatu gabeak. Hala, esaterako, Jesus Echave jabe zen Universal Araba enpresak Afypaidari –Echave bera presidente zen sozietateari– bulegoak alokatu zizkion 328.000 euroren truke.

Gertatutakoa jakiteko ikerketa batzordea eratu zen Eusko Legebiltzarrean 2014an eta ondorioztatu zuten 2007an Ana Agirre EAJko sailburua buru zuen Sustapen Ekonomikorako Euskal Kontseiluak izan zuela auzi horren erantzukizun politikoa.

Patenteen inguruko salaketa artxibatua

Hirikok garatutako teknologia eta patenteak "salgai" jarri dituzte eta Arabako EH Bilduk salatu du diru publikoz lorturiko “ezagutza” hori enpresa pribatu baten eskuetan uzteko asmoa dagoela, zehazki sortu berria den Tokiko Engineering litzateke enpresa hori. Bada, fiskalak koalizio abertzalearen salaketa artxibatu egin du.

Hiriko proiektutik momentu honetan geratzen den baliozko ondare bakarra patente horiek dira.