Jardunaldiak Ahize-AEK-k antolatu ditu abenduaren 2an, Barakaldon. Hiriguneetako gazteen artean euskara eta euskal kultura transmititzen laguntzeko #Damolat unitate didaktikoa aurkeztuko dute.
Jardunaldien helburu nagusia da euskararen erdigunetik urrun egon daitezkeen eremuetako gazteen inguruan hausnarketa egitea. Euskararen ertzean dauden gazteei euskal kultura ikusgarri egiteko gakoak zein izan daitezkeen gogoetatuko dute abenduaren 2an.
Horretarako hezkuntza alorreko aditu eta eragileek hitz egingo dute, baita unibertsitateetako irakasle eta ikerlariek ere. Saio batean, gazteek beretik hitz egingo dute. Hor izango dira Beñat Rodrigo “Kiliki Fresko” (ChillMafia), Iholdi Beristain Martinez (abeslaria eta aktorea) eta Sara Nieto Moreno (abeslaria eta aktorea).
Egitarau osoa eta izena emateko aukera duzue lotura honetan.
Naroa Jauregizuria Ahize-AEK-ko aholkularia da eta proiektuaren arduraduna ere bai. Hiriguneetako gazteen eta euskal kulturaren arteko harremana ardatz zuen ikerketa Bilbo Handiko hainbat ikastetxetan egin zuen eta horren ondorioz landu du Ahize-AEK-k unitate didaktikoa. Diseinuan Ikastolen Elkartea ari da lanean. Gaur egun, unitate horri esker esperientzia pilotua ari dira egiten Barakaldoko Minas institutuan.
AEKren asmoa proiektuak Barakaldotik Euskal Herrirako saltoa ematea da eta #Damolat egitasmoa beste hainbat ikastetxetan probatzeko aukera izatea.
Jardunaldietan aurkeztu ondoren, materiala doan eskuragarri izango dute alor horretan lanean ari diren irakasle, euskara eta kultur teknikari, erakunde, gaztetxe eta abarrek.