argia.eus
INPRIMATU
Hirigintzaren eragin linguistikoa aztertu beharko da Udal Lege berriaren ondorioz
  • Euskaren alorrean aldaketak dakartza ostiralean indarrean jarriko duten EAEko Udal Legeak. Hizkuntzari dagokionez, eskumenak aitortzen dizkie udalei, ebazpenak, aktak eta erabakiak administrazioari euskaraz bidaltzeko eskubidea, besteak beste. Udal Legea ostegunean argitaratuko dute aldizkari ofizialean.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 14a
Euskara sustatzeko eskumena aitortu die udalei. (Arg:Gari Garaialde / Argazki Press)

Euskara eta gaztelania maila berean jarri ditu Udal Legeak. “Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, EAEko toki erakundeen hizkuntza ofiziala. Alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izango da”, dio hizkuntza ofizialez mintzo den artikuluak. Ez die herritarren hizkuntz eskubideei eragingo, erakundeekin jardutean beraiena izango baita hizkuntza hautatzeko eskubidea, orain arte gisara.

Udal Legeak neurri bateko babesa eskainiko dio euskarari eta indargabe geldituko dira, tartean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak azken urteetan egin izan dituen  salaketak. Esaterako, Urquijok EAEko hainbat udal eraman zituen auzitara, aktak euskaraz bidaltzeagatik. Legeak honakoa dio gaiaren inguruan: “Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak eta laburpenak EAEko administrazioari eta estatukoari”.

Bestalde, euskara sustatzeko eta “erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatzeko” eskumenak aitortzen dizkie udalei. Modu horretan, auzitegiek ezingo dituzte bertan behera utzi udalek martxan jartzen dituzten euskara planak.

Kontratazio publikoari dagokionez, udalek eskumena izango dute egokien irizten dituzten hizkuntza irizpideak zehazteko, “kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak” sartzeko baimena eman baitie Udal Legeak.

Hirigintza ere aintzat hartu du lege berriak. Martxan jarri nahi den urbanizazio plan batek izan dezakeen eragin linguistikoa aztertzea eta “emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak” proposatzea onartu ditu legeak. “Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da”, dio.