argia.eus
INPRIMATU
Hirigintza-antolaketan bizikleta bideak sartzeko kanpaina abiatu du Bizi-k
  • Frantziako Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluak dio hiribideen berritze orok bizikletaz ibiltzeko antolaketak barnebildu behar dituela. Betebehar hori betetzen ez duten Herriko Etxeak identifikatzeko deia luzatu die Bizi talde ekologistak herritarrei.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko otsailaren 29a
Bizi-ren ekintza bat, bizikletentzako bideen alde

Hirigintza-antolaketan bizikleta bideak sartzeko kanpaina berria abiatu du Bizi-k, hain zuzen, legeak horren alde egitera behartzen baditu ere, Herriko Etxeak ez doazelako norabide horretara. "1996ko abenduaren 30ean ezarritako Ingurumen Kodearen L228-2 artikulua aplikatua izan balitz, orduan lurraldea bizikletaz ibiltzeko instalazioz eta beraz txirrindulariz betea izanen genuke", deitoratzen du elkarte ekologistak. Hiribideen berritze orok bizikletaz ibiltzeko antolaketak barnebildu behar dituela dio aipaturiko legeak.

Hori horrela, legea betetzen ez den obren identifikatzera deitu ditu herritarrak: "Lagundu legea errespetarazten eta mugikortasun iraunkorragoa sustatzen, oraindanik egokiak ez diren antolaketa proiektuen berri emanez!".

Kasuan kasu, bizikletentzako ibilbideen aldeko borrokak eraman izan ditu iraganean ere Bizik. Hala nola, Angeluko Brindos etorbideko obrei dagokionez, auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen 2022an Paueko Auzitegi Administratiboan.