argia.eus
INPRIMATU
Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan?

Ernesto Leitza Urrestarazu 2022ko uztailaren 29a

Uztailaren 18ko Gara dut esku artean. Goiburuak honela dio: “Hiriak, eusten ez ezik euskarak gora egiteko oinarriak jartzen.” Oso deigarria iruditu zait. Ez da hori nik daukadan pertzepzioa, baina tira, herri koxkor bateko euskaltzale arrunta besterik ez naiz… zer jakin behar dut nik!

Jakinminak bultzaturik, informazio bila jo dut hala ere: 1989an hasi omen ziren neurtzen euskararen presentzia kalean, eta 2006an neurtu zen mailarik handiena (% 13,7); hurrengo hamar urteetan (2006-2016) behera egin eta ondoren, 2021eko neurketak dio eutsi egin zaiola 2016ko datuari, beherakada gelditu dela, alegia. Gaitzerdi… Hiriburutik hiriburura, Donostian erabilera %15 pasatxoan dago kieto, 2011tik hona.

Bilbon, 2001ean jo zuen goia (% 4,6), 2016an behea (% 2,5), eta %3,5ean omen 2021ean. Iruñean 1997tik “egonkor”, % 3ra ezin heldu. Baionan % 2,5 (gazteleraren erabileraren azpitik). Gasteizen 2006ko mailara itzuli da euskararen kaleko erabilera: % 4,1. Ez dira txistua jotzen hasteko datuak, nire uste apalean, ezta EAEko hiriburuan ere.

«Oso oinarri sendoak ari gara ezartzen euskararen biziraupenerako eta goraldi batzuei aukera emateko… Egiten ari garen ahaleginek ekarri dute suspertze hori, beste hainbat lekutan ez bezala » irakurri diot aditu bati kazetan, eta nire artean, zeri esaten dio “suspertze”?

Elkarrizketa berean, beste aditu batek: “Orain arte asmatu da eta orain ere asmatuko dugu. Zoritxar puntua da ez daukagula non begiratu. Katalunia guretzat ez da eredua». Bada, niri iruditzen zait alor batzuetan asmatu dela, eta beste batzuetan ez, atrebentzia ez bada: Asmatu da EiTBren kudeaketan? Ikusentzunezkoetan oro har? Interneten-sareetan? Eremu digitalean? Lanbide Heziketako hizkuntza ereduetan? Lan munduarekiko hizkuntz politikan?... Gainera, uste dut komeni dela nork zer egin duen adieraztea: administrazioek, alderdiek, herri-ekimeneko euskalgintzak eta bestelako eragileek jokabide oso ezberdinak izan eta izaten baitituzte, kontrajarriak sarri askotan.

Kataluniari buruzko aipamenak harritu nau. Zergatik ez da guretzat eredu? Estatu eta legeria berberen menpe gaude-eta! Eredu behar luke guretzat Kataluniak, hizkuntzari lotutako arlo askotan, nik uste. Bilbo “aginte ikusezinaren adibidetzat” jotzen dute gero. Niri baina, (euskararen aldeko) hizkuntz politika ikusezinaren adibide iruditzen zait. Bisitari joaten naizen bakoitzean gero eta erdaldunagoa ageri zait, euskara ia ez da ikusten, ez entzuten  taberna, jatetxe eta oro har saltokietako iragarki-errotuluetan; aldiz, gaztelera eta ingelesa nonahi, gurearen ordez. Ez du ematen Bilboko Udala euskaldunoi begira dagoenik, edo ederki disimulatzen du, bestela. Bilbok “asmatu” du?

Eta aurrerago, “Ume eta gazteak, gainera, helduen gizartearen mende bizi dira neurri handian. Bizi osoan euskaraz ikasi duen gazte batek lanera doanean gehienbat erdalduna den mundu batekin egiten du topo» dio adituetako batek. Arrazoi osoa du, baina lanera joan aurretik ere, telebista, irrati, mugikor bidezko eduki, internet bidezko sare, liburu, komiki eta bestelako aisialdi jarduera gehientsuenetan euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da. Gazteleraz (eta ingelesez gero eta gehiagotan) eskaintzen zaizkie gozatzeko hamaika aukera. Euskaraz aldiz…

Baldintza orokorragoak, “Hezkuntzan, prestigioan, maila legalean, ofizialtasunean, hedabide nagusietan... Hizkuntzari hauspoa eman behar zaio maila instituzional eta formaletan. Sare sozialek ere pisu handia dute gure bizitzetan eta horietan ere txertatu behar da”, erabakigarriak dira. Erabilera egunerokoan gauzatuko da, horretarako gutxieneko baldintzak bermatzen badira, nekez bestela.

Faktore formal eta legalek, hedabideek, aisialdiko eskaintzak, eta abar, hau da, agintarien esku dauden horiek guztiek baldintzatzen dute lagunartean gertatzen den erabilera ere. Niri ez zait iruditzen aspaldiko urteotan EAEko agintariak asmatzen ari direnik, eta adituok aipatu bezala, Nafarroako eta Iparraldeko (Frantziako) agintarien aldetik egurra besterik ez datorkigu. Errotiko Aldaketarik ezean, baikortasunerako oinarriak ez ditut ikusten… baina nik zer jakin behar dut!