argia.eus
INPRIMATU
Hirietan autoen abiadura 30 km/ordura murrizteko eskatu dute
  • Kanpaina martxan dute Europan, hirietan autoen abiadura 30 km/ordura murrizteko eskatuz. Nazio Batuen arabera, hori da oinezkoak eta txirrindulariak trafiko istripuetatik babesteko neurririk eraginkorrena. Ekologistak Martxan eta Biziz Bizi elkarteek bat egin dute ekimenarekin, Bilbon.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 14a
Abiadura murrizteak heriotza eragiteko aukera ere nabarmen txikituko luke.

Neurria arau bihurtu dadin, kanpainan parte hartzen ari diren elkarteak Europako Hiri Ekimena ere ari dira bultzatzen: alegia, zazpi estatutako milioi bat herritarren sinadura bilketari ekin diote.

Race Espainiako auto-gidarien elkarteko datuen arabera, Espainiako Estatuan urtero autoek 10.000 lagun inguru harrapatzen dituzte eta istripu horietatik %92 hirien barruan izaten dira. Abiadura murriztearekin, istripuak gutxitzeaz gain istripu horien larritasuna ere txikituko litzateke, balaztatzeko behar den distantzia laburtzerakoan norbait harrapatuta hiltzeko aukerak %45etik %5era jaitsiko bailirateke.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du hirian egiten den desplazamendu kopuru handiena oinez egiten dela: Bilbon desplazamenduen %58,9, Gasteizen %58,7 eta Donostian %42,5.

Istripuak eta istripuen larritasuna gutxitzeaz gain, beste helburu batzuk ere lortu nahi dituzte ekimenaren sustatzaileek: kutsadura txikitzea, CO2 gutxiago igorriz eta airearen kalitatea hobetuz; zarata maila hiru dezibel gutxitzea (soinu-kutsaduraren kausa handienetakoa da trafikoa); erregaien gastua eta energiarekiko menpekotasuna txikitzea; eta auto-ilarak eta auto-pilaketak gutxitzea.