argia.eus
INPRIMATU
Hirietako trafikoa eta haurrak

Arantza Fernández de Garaialde 2021eko urtarrilaren 29a

"Bilboko trafikoa eskolak hasten direnean zapuzten da, ordura arte ondo ibiltzen gara, baina umeen busak hastean, akabo" esan zidan urteak direla taxi gidari batek, irailean, eta ez dut inoiz ahaztu. Ikastetxe publikoetan lanean urteak eman eta gero, busez ibili naiz umeekin: urteko txangoa, astean behin igerilekuetara... Eskola baten eguneroko garraioa ere ezagutu nuen, ikasle batzuk etxetik bi kilometro baino gehiago zutelako D eredu gertukoeneraino, baina salbuespena izan da beti eskola publikoek umeak garraiatzea, oso baldintza zorrotzak (batzuetan zorrotzegiak) ezarri dituelako Hezkuntza Sailak horretarako. Hala ere, arrazoia zuen taxilariak, trafikoan argi sumatzen da noiz hasten diren umeak geletara, busak direla eta. Hobeto doaz busez banakako autoetan baino, hala da. Hobe da umeak soilik joatea bakoitza heldu batekin joatea baino, ados gaude. Bus

"Zer dela eta behar dugu horrenbeste eskola garraio? Nora ote doaz? Esango dizuet: etxetik gertu ez dauden ikastetxe pribatuetara doaz, egunero, milaka ikasle EAEn"

barruan segurtasun neurriak daude, egia da: uhalak, hezitzailea... Baina, zer dela eta behar dugu horrenbeste eskola garraio? Nora ote doaz? Esango dizuet: etxetik gertu ez dauden ikastetxe pribatuetara doaz, egunero, milaka ikasle EAEn. Ikastetxe horiek, gehienak, itunduak daude, beraz, zonifikazio bati lotuta egon beharko lukete, baina ez. Egunero gutxienez Araban 33 autobusek, Gipuzkoan 81ek eta Bizkaian 358k, Haur eta Lehen Hezkuntzako umeak (2-13 urte bitartekoak) ikastetxe itunduetara eramaten dituzte, gutxienez 82 Bilbotik pasatzen direlarik. Horietako ikastetxe asko hiriguneetan daude kokatuta.

Egunero ordu bat edo bi autobusean eserita eman behar izateak ez dirudi oso atsegina barruan doazenentzat, era berean, gainerakoentzat, egunero eskolara joateko orduan kaleak trafikoz eta kutsaduraz gainezka izatea oso txarra da, espaloiak autobusen zain daudenek oztopatuta aurkitzea gehiegikeria da, energia xahutzeari buruz zer esanik ez; hori guztia diru publikoz sustatzea ez al genuke zalantzan jarri behar?

LOMLOEk berak sostengarritasuna, inguru hurbilarekin harreman osasuntsua eta hezkuntza komunitate zabalak aipatzen ditu, 110. artikuluaren oso paragrafo dotoreetan; gure legeak idazteko ahalmena lortu bitartean, U30 Aldaketaldian eta antzeko ekimenetan jar ditzagun indarrak eta konfiantza, eta, noski, indartu dezagun Euskal Eskola Publikoa. Denok aterako gara garaile.

 

* Arantza Fernandez de Garaialde Bilboko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko (BEEP) plataformako kidea da