argia.eus
INPRIMATU
Hiriburukoa ez dadila errepikatu

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko azaroaren 02a

 

Prefekturatik mezua: “Segurtasun alerta: Hiriburuko Aturri kolegioaren inguruan segurtasun perimetroa, polizia operazio baten harira”. Kontuan hartu beharreko mezua, baina distantziarekin hartu beharrekoa, Frantzian omnipresente den beldurraren eta barne-etsaiaren eraikuntza prozesua kontuan harturik. Alta, berehala komunikabideetan zen gaia, albiste garrantzitsuenei bideratzen zaien espazioa eskainiz. Guztietan: ez soilik Bfmtv gisako kapitalaren eskuetan diren mainstream komunikabideetan, ez-ez, euskal komunikabideek ere jarri dute lehen lerroan. “Bi ikaslek bi pertsona ikusi dituzte tapiza baten gainean otoitzean eta sartu lirateke kolegiora, bizkarreko zaku batekin”. Eraiki da panorama, inolako hausnarketa-distantziarik gabe zabaldu da mehatxu hipotetikoa, musulmanei lotuz lanjerra eta armadak babesturiko ikasleen irudiak zabalduz lau haizetara: arriskua/musulmana vs segurtasuna/Estatua. Laster jakin zen bi pertsonak ez zirela atzeman ikastetxean, eta hortik gutxira bagenuen prefekturaren baieztapena: “Frogatua da ez direla kolegiora sartu eta otoitza bazela, lanean hasi aitzin bi langilek buruturikoa” –haien kultu askatasunari segi, Allah agurtuz eta ingurukoak bakean utziz–. Baina berantegi zen: musulman arriskutsuaren irudia barreiatua zen. Harrigarria, kezkagarria eta gogoetagarria urriaren 21ean gertatutakoa. Lagun irakasle batekin mintzo, oinarrian zegoen informazioa ikusirik, kolegioak segurtasun neurriak bideratu izana ulergarri zitzaion. Mahomaren karikaturak erakusteagatik dekapitatua izandako Samuel Patty irakaslearen itzala hor da, nola ez. Ez noa hortik. Harrigarria, kezkagarria eta gogoetagarria urriaren 21eko kazetarien jarrera.

Frantzian dagoen giroa ikusita, musulmana terrorismoari lotzeko norabidea kontuan harturik, terrorismoaren mehatxupean (sic) mugek hetsirik segitzen dutenean eta trenek etorkinen biziak lapurtzen dituzten honetan, kazetariok isiltasun tarte bat hartzeko ardura daukagu: informazioa jaso, ikertu eta egiaztatutakoan zabaldu. Frantziako presidentzialak ditugu laster. Botoen arrantzan, beste behin gaina hartuko dute beldurraren giroak eta islamofobiak. Kazetariok ezin dugu Hiriburun bezala aritu. Eragin handiegia dugu jendartean eta jendean, gisa horretara aritzeko.