argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Hiriburuetan azpimarratzekoak
  • Udal hauteskundeen xarma eta emozio bereziak islatu dira oraingo honetan ere. Emaitzak nagusiak ezagunak dira: EAJ nagusi, Iruñean izan ezik; EH Bildu bigarrena Donostian eta Iruñean eta hirugarrena Bilbon eta Gasteizen; PSE bigarrena Bilbon eta Gasteizen eta hirugarrena Iruñean eta Donostian.

GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2019ko maiatzaren 27a

Gasteizen ez da gertatu espero zen lehia estua eta PSE, sorpresaz, bigarren indarra izan da, Miren Larrion hirugarrenean utzirik. Zer gertatu da? Alde batetik, PPren porrota eta berak galdutako lau eserleku EAJri eta PSEri joan zaizkiela. Eta, noski, Gorka Urtaranen lanaren balorazio positiboa.

Iruñean, Joseba Asiron alkateak emaitza oso onak izan arren, Navarrasuma-ren emaitza hobeak, Geroa Bai-ren emaitza kaskarrak eta Podemosen desagerpenak ez diote gobernatzen utziko. Hori, baldin eta ez bada lortzen EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bai-ren arteko dagoeneko PSOEk ezinezkotzat jo duen akordioa.

EAJ nagusi EAEko hiriburuetan eta, nahiz eta bere bigarrena EH Bildu edota PSE diren, ikusiko dugu itunak orain artekoak izango ote diren, erakundeen egitura errepikatuz, benetako ezkerreko adostasunak eta gobernu alternatiboak zailduz

PPren markatik ihes egin duen Borja Semperrek emaitza txukuna lortu du Donostian bere ordezkaritza mantenduz, baina horren interpretazioa ez da horren sinplea, zeren eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Juan Carlos Canok, PPren eskutik, eutsi dio 2015eko emaitzari. Beraz, marka edo ez marka, Gipuzkoan PPren emaitzak nahiko “eguneratuta” zeuden 2015etik. Bestalde, Ernesto Gascoren porrota handiak lagundu dio PPri bere emaitza mantentzen –bi alderdi hauen arteko boto aldaketa nabarmena izan baita zati batean–.

Beraz, EAJ nagusi EAEko hiriburuetan, eta nahiz eta bere bigarrena EH Bildu edota PSE diren, ikusiko dugu itunak orain artekoak izango ote diren, erakundeen egitura errepikatuz –bizitza luzea dauka EAJ-PSE akordio orokorrak–, benetako ezkerreko adostasunak eta gobernu alternatiboak zailduz. Horretarako jasoko zituzten bi alderdi hauek PPk galdutako botoak, noski, EAEko eskuina eta konstituzionalismoa indartzeko.

Eta beste behin ere, lau hiriburuetako buruak, gizonak. Honetan ere aldaketarik ez.