Lau hilabete falta dira urriaren 20an Prabowo Subianto, historia iluneko jeneral ohia, Indonesiako zortzigarren presidente bihur dadin, aurtengo otsailaren 14an egin ziren hauteskundeak irabazi ondoren. Eta bi hilabete eskas abuztuaren 17an, independentzia-aldarrikapenaren 79. urtebetetzean, Joko “Jokowi” Widodo, azken hamar urte hauetan presidente izan denak, ofizialki inaugura dezan Nusantara, herrialdearen hiriburu berria. Aurreikuspenak betetzen badira. Zalantzak badira eta.
Handiena da, iraganean egin dituen aldarrikapen sutsuak sutsu, ez dagoela batere argi Prabowok aurrera jarraitu nahiko ote duen bere aurrekoaren plan garestiarekin. Ez litzateke izango Praboworen lehen iritzi-aldaketa.
Munduko laugarren herrialde populatuenaz (280 milioi biztanle) arituko ez bagina, agian beste arintasun batekin har zitekeen gorabehera. Ez da munduan lehen aldia hiriburu historiko handi bat utzi eta, ex novo, edo ordura arte herrixka galdua besterik ez zen batean, hiriburu berri eta “arrazional” bat eraikitzeari ekiten zaiola.
Brasilia aipatu ohi da beti holakoetan, baina are hurbilagokoak izango lirateke, adibidez, Naypyidaw, Myanmarreko hiriburu berria; Dodoma, Tanzaniakoa; edo Abuja, Nigeriakoa. Eta nola sortu zen Washington? Berezixeagoa izango litzateke une honetan Txinan eginbidean duten Xiong’an egitasmoa.
Zergatiak, askotarikoak, baina antzekoak, izan ohi dira halakoetan; emaitza, ia beti, bat eta berbera: ezerezetik sortutako hiriburu berria megapolis galanta bihurtzen dela oso denbora gutxian. “Hiriburutza efektua” deitzen dutenaren adierazpen nabarietako bat da.
Indonesiako kasuak, haatik, berezitasun potoloak ditu. Alde batetik, utzi beharko litzatekeen Jakartari dagozkionak. Kolonialismo herbeheretarrak itsas-merkataritzako lotune bihurtu zuen Batavia hura, munduko megapolis handienetakoa (11 milioi biztanle) bilakatu da independentziaz geroztik. Kokagune duen Java irla (150 milioi biztanle) osoak bezalatsu, arazo demografikoa du... Baina baita hirigintzakoa ere, fisikoki hondoratzen ari baita, eta gero eta uholde latzagoak pairatzen. Trafiko-arazoak ez aipatzearren.
Halako hiritzar batean, hiriburutzari eusteko presioak, ordea, ez dira makalak izango. Jokowik proposatu eta abian jarritako mudantza ez baita “New Delhi” gisako zerbait. Nusantara berria ez dago Javan, baizik Jakartatik 1.250 kilometrotara, Makasar itsasartearen erdi-erdian, Kalimantanen, Borneo irlaren ekialdean. Herrialde osoaren oreka sozio-politiko guztiak aldaraz ditzakeen lekualdaketa da, beraz.
Lehendik ere, orekak gorabeheratsuak diren herrialde batean.