Realaren hockey eta futbol taldeek hiriko aitorpen nagusia jaso dute astelehen eguerdian alkatearen eskutik. Emakumezkoen kirolak gizartean merezi duen lekua aldarrikatu eta orain arteko bidea egin dutenen lana eskertzeko baliatu dute saria.
Urrezko Danborra haien eskuetan dago jada. Astelehen eguerdian, udalbatzar aretoan eginiko ekitaldian, Realaren hockey eta futbol taldeetako jokalariek Urrezko Danborra jaso zuten Eneko Goia alkatearen eskutik, Donostia emakumezkoen kirolaren erreferente bilakatu izanagatik. Nereba Belzunegik eta Nahikari Garciak jaso zuten saria taldekide guztien izenean, euren hitzartzean mezu argi bat bidaliz: “Lehen eskerra, urteetan zehar emakumeen kirola sustatu eta bultzatu dutenentzako da. Hau, zuei esker da”.
Aretoan, ordezkari politikoez eta hiriko hainbat eragileetako kideez gain, kirolaren munduko hainbat beterano bildu ziren. Hor izan ziren, besteak beste, Sandra Ramajo, “Chini” Pizarro, Aintzane Encinas, Maialen Zelaia eta Larraitz Lucas, eta baita Mari Ayestaran ere, Realaren hockey taldeko jokalari mitikoa.
Halako ikurrez inguraturik, ekitaldia emakumezkoen kirolak gizartean merezi duen lekua aldarrikatzeko baliatu zuten hitza hartu zuten guztiek. Izan ere, alkateak azaldu zuenez, “gaur hemen saritu eta ozen aldarrikatu nahi duguna da, gizarteko beste alor guztietan bezala, kirolean ere emakumezkoek zuen lekua duzuela, eta, gainera, kirolaren goi-mailan bikain aritzen zaretela”.
Udaleko Txistulari Bandaren eta Union Artesanaren doinuekin hasi zen ekitaldia Juan Carlos Etxeberria kazetariak gidatu zuen. Omenaldiarekin hasi aurretik, aurkezleak abenduan zenduriko Gorka Reizabal kazetaria ekarri zuen gogora, hura ere realzale sutsua zela azpimarratuz.
Ondoren, berriz, Maite Azkoagak eta Garbiñe Etxeberriak hartu zuten hitza, besteak beste, lurraldeko gainerako emakume kirolari eta taldeei euren lanagatik eskerrak emateko. Etxeberriak, bere partetik, duela lau urte hil zen Juan Carlos Samaniego prestatzaile fisikoa ere ekarri zuen gogora: “‘No pain, no gain’ esaten zuen gure ‘Tximist’ maiteak. Zenbat zenekien!”.
Haien ostean hitz egin zuen alkateak, danborrada eta Reala donostiarrok partekatzen dituzten “sinboloak” direla nabarmenduz: “Partekatzen ditugun eta estimatzen ditugun bi elementu horiei, aurtengo Urrezko Danborra definitzen duten beste bi ezaugarriak batu behar dizkiegu: kirola eta berdintasuna”.
Danborra jaso eta gero, Belzunegik jokalari guztien esker ona laburbildu zuen bere hitzekin: “Badiote zailena etxean aintzat hartua izatea dela; zure lurraldean profeta izatea. Gaur hala gara, eta sinetsi iezaguzue, ez da ohore gehiagorik sartzen hitzaldi honetan. Eskerrik asko bihotz-bihotzez”.
Azkenik, ekitaldia amaitzeko, bi taldeetako jokalariak agertokian elkartu ziren udal ordezkariekin batera San Sebastian martxa eta Realaren ereserkia abesteko: