Hiria errotik aldatu nahi dugu, aldarrikatu genuen duela bi urte. 2016eko Abian gogoetak ezker abertzalearen bir-fundazioa agindu zuen. Gure jardun politikoa nahiz antolaketa ereduak unean uneko egoerari egokitzea premiazkoa genuen, eta horretarako, nahitaezkoak egiten ziren erroko aldaketak. Sortu eratu eta ia sei urte igaro zirela, gure buruak ber asmatzeko prozesu betean ginen berriro ere, eta Donostian, gure buruak ez ezik, hiria bera ere errotik aldatzeko gogoetari ekin genion.
Barne Hausnarketa eta Eztabaida prozesuaren ondorioak oinarri militante ahalik eta zabalenarekin partekatzeko eta finkatzeko, funtsezkotzat agertzen zitzaigun prozesua, hiriaren, Donostiaren, ikuskera propiotik burutzea baita. Donostia hiria da, donostiarrok hirian bizi gara, eta orduan bezala orain, testuinguru-hiritar batek bizi gaitu. Hau da, gizarte mendebaldarretako ingurune hiritarretan ematen diren ezaugarri berdinak dituen testuingurua da gurea.
Hiriak, eta Donostia nabarmen, hiri-eredua sakon aldatzen ari den kapitalizazio prozesu betean aurkitzen dira, eta ikusgarri ditu eraldaketa honen ondorioak: hiriak nazioartean salgarri izan behar duten enpresa gisa kudeatzen dira; kapital higiezin-finantzarioak erabakitzen ditu inbertsioen norabidea, eta errentaren egitura eta banaketa; turismoaren eta nazioarteko kapitalaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriak hirien egitura produktiboa eraldatzen ari dira (gurpildun maletak vs. erosketa gurdiak); gentrifikazio-prozesuak; kale eta plazen, hots, espazio publikoaren masifikazioa; higiezinen espekulazioa; behin-behineko gaien eta oro har egunerokoaren garestitzea; prekarietatearen hedatzea; kutsadura eta hondakinen sortze altua; garraio publikoko sarearen saturazioa; auzo-komunitateetako ehundura sozialaren deuseztatzea… Kapitalismo heteropatriarkalak, gainera, zapalkuntza-forma berezituak hartzen ditu hirian.
Aldaketa hauek ez dira ausaz sortutako errealitateak. Gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Aitzitik, ekonomia zehatz baten ondorio dira, eta zehatzago, espazioaren ekoizpen kapitalista jakin baten emaitza; Ivan Miró ekintzaile eta ikerlariak akumulazio turistiko-inmobiliarioa deitzen duen erregimen berrian orokorturiko baldintza espaziala dira, hain zuzen ere. Kapitalismo finantzarioak munduko ekonomiaren azken hedapen zikloa ezaugarritu du eta espazioaren produkzioa nahiz honi lotutako prozesuak dira, hain zuzen, logika-finantzarioa ekonomiaren erdigunera ekarri duten indarrak: merkatura bideratutako ekoizpen espaziala da finantza-ekonomiaren oinarri materiala eta hiri-espekulazioa, berriz, finantza-merkatuaren lehengai nagusia. Espazioa, kapital metaketaren euskarria izatetik, metaketaren lehengai izatera igaro da. Lurraldea eta hiria, berriz, klase borrokaren eskenatokia izatetik, klase borrokaren helburu izatera. Hiria klaseen arteko botere harremanak betikotzeko lekua bilakatu da, botere harreman horiek legitimatzen dituzten diskurtsoak eta narratibak idazten diren mihisea. Espazioa kapital metaketarako lehengai nagusia bada, hots, desjabetutako klaseen zapalkuntzarako elementu nagusia bada, egungo Klase Borrokaren helburua espazioaren ekoizpen eta kudeaketaren sozializazioa eta kolektibizazioa izango da.
Guk geuk hartu nahi ditugu gure bizitzaren arlo guztietan eragiten diguten erabakiak. Burujabetza osoa nahi dugu: bizitoki burujabetza, elikadura burujabetza, osasunarena, kulturala... eta horretarako antolatuko gara indibidualismora eta merkatuarekiko dependentziara kondenatu nahi gaituzten
indarretatik aske
Hiria errotik aldatu nahi dugu. Herritarren bizitzen gaineko kontrol sozial, ekonomiko, fisiko eta kulturala ezartzen duten indarren aurrean, gure buruen jabe izateko moduak bilatu behar ditugu; bizitza burujabea delako bizitza duin bakarra. Eta Hiria Errotik izendatu genuen ariketa kolektiboarekin, hain zuzen, aurrerantzean Donostian garatu beharreko eskuhartze sozialerako norabidea marraztu genuen. Hiriaren birjabetze soziala erdigunean eta Udalgintza-eraldatzailea ardatz, Euskal Errepublika helburu duen Prozesu Independentista Eraldatzailea testuinguru-metropolitarrean garatzeko hiri-estrategia, alegia. Eta eraldatzailea dela diogu, ezarritako egoeraren edo errealitatearen kudeaketa aurrerakoi soilaz harago, proposatzen dugun ekinbidea alternatiba antikapitalista egikaritzeko norabidean planteatzen dugulako. Horretarako, gure jarduna oinarrizko irizpide hauek gidatuko dute: aberastasunaren ber-banatzea; jabetza ez-pribatuko formetarantz (komunala, kooperatiboa, munizipala…) aurrera egitea; produkzio prozesu ez-esplotatzaileak (ez-kapitalistak, ez-patriarkalak…) garatzea; plangintza komunitarioak, hots, indibiduoa baino komunitatea lehenesten duten prozesuak sustatzea (gizarteak ez baitira portaera indibidualen agregazio hutsa, baizik eta gure potentzialitateak proiektatzeko aukera eskaintzen diguten inguruneak); eta demokratizazioa, edo erabakiak hartzeko parte-hartze ez-hierarkiko eta ez-despotikoak sortzea.
Guk geuk hartu nahi ditugu gure bizitzaren arlo guztietan eragiten diguten erabakiak. Burujabetza osoa nahi dugu: bizitoki burujabetza, elikadura burujabetza, osasunarena, kulturala... eta horretarako antolatuko gara indibidualismora eta merkatuarekiko dependentziara kondenatu nahi gaituzten indarretatik aske. Herri- edo auzo-komunitateen, hots, gure bizitzen gaineko burujabetza berreskuratzea helburu, bizi-garapenean eragiten duten gako guztietan, arloz arlo, eztabaida, proposamen eta ekintza eraldatzailerako gune irekiak sortzeko, eratzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu genuen duela bi urte. Eta gaur, hemen, bizilagunak tai gabe menperatzen eta kanporatzen dituen Donostia honetan, ekintzarako lehen gunea antolatzeko gonbidapena luzatzen dugu: Bizitoki Burujabetza gunea.
Pertsonak eta ekintza komunitarioa erdigunean eta burujabetza oinarrian dituen etxebizitza politika batek, herritarren etxebizitza duin eta egoki baterako eskubideari ez ezik, bizitoki-hornikuntza sistema propioaz erabakitzeko herri- eta langile-sektoreen eskubideari ere erreparatu behar dio. Hala bada, Bizitoki Burujabetza kontzeptuak Etxebizitzaren muga fisikoak gainditzen dituela ulertzen dugu. Hau da, herritarron arreta egitura sozialetan eragiten duten gakoetan jarriz, auziaren adierazpen ezberdinak ulertu (etxe-gabetzeak, bizitoki-alienazioa, azpi-etxebizitzak, zaharberritzea, etxegabeak, masifikazioa…) eta gure jarduna etxebizitzaren lau pareten artekoaz harago herri- eta auzo-komunitateetara zabaltzea ahalbideratzen du.
Halako praktiken zabaltzeak, garapenak eta biziagotzeak, kontraesan berriak sortuko eta bistaratuko ditu, eta hain zuzen ere, kontraesanok gaindituko dituzten ekimen/alternatiben bidez erakutsiko dugu: batetik, burujabetza(k) zabaltzeko eta orokortzeko modu bakarra subiranotasun politikoaren bidez dela; eta bestetik, subiranotasun politikoa erdiesteko modu bakarra burujabetza anitzen (ber)eskuratzearen bidez emango dela. Diskurtso eta praktika eraldatzaileen eta burujabetza politikoaren aldarrikapenaren arteko lokarri berri hau, Euskal Herria komunitate autozentratu gisa antolatu eta demokratikoki garatzeko ahaleginari Donostiatik egiten diogun ekarpena da.