Donostiako 46 auzo elkarte eta herri mugimendu hiri-eredua aldatzeko elkarlanean ari dira eta ekainaren 18an manifestazioa deitu dute.
Donostia administratzaile eta ekimen pribatuaren zerbitzu-emaile bihurtu dela salatu dute hainbat auzo elkartek eta herri mugimenduk. Hiria ez dela bizilagunen beharren arabera aldatzen ari salatu dute, eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diotela. Horregatik, hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean, aldarrikapen partekatuak egiteko ekimenak martxan jarriko dituzte. Ekimen horien artean dago ekainaren 18an Araba plazatik 18:00etan irtengo den manifestazioa.
Argudiatu dute interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen direla donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio geroz eta kaltegarriagoak eragiten dituela herritarren gehiengoaren bizi-baldintzetan. Ekimenak bultzatzeko arrazoien artean daude etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea, kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa, hiriaren elitizazioa, hirigintza politika erasokorren azaleratzea, ondare arkitektonikoen suntsiketa eta herritarren antolaketaren eta mugimenduen jazarpena.
‘Donostia berreskuratu, hiri-eredua aldatu!’
Donostiaren eta donostiarren etorkizuna epe luzera gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua ikusten dutela bermatzen dute taldeek. Izan ere Donostiako Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesua abiatu du. Indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen dituzten eta bestelako hiri-eredua defendatzen duten donostiarrei entzungor egiten dietela salatu dute.
Horregatik denagatik, hiria merkatu-interesen menpe jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela nabarmendu dute. Bakoitzak bere auzoan eta jarduera eremuan lan egitearekin batera, auzi honetan kezka berdintsuak partekatzen dituzten talde eta pertsona guztien artean eragitea ezinbestekoa ikusten dute.
Batu diren auzo elkarte eta herri mugimenduen zerrenda jarraian: