argia.eus
INPRIMATU
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek
  • Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 22a

Hipra multinazionalaren txertoak III. faseko entseguei ekiteko Espainiako Medikapentuen Agentziaren oniritzia jaso du, eta bera da Espainiako Estatuko txertoen artean garatuen dagoena. Fase berri honetan, Espainia, Portugal eta Italiako ospitaleetako 3.000 bolondres hasiko dira farmako hau probatzen.

Espainiako Estatuko 20 gizarte elkartek eskatu diote Gobernuari laster komertzializatuko den txerto hau munduko herrialde guztien eskura jartzeko. Besteak beste elkarte hauek bidali diote idatziz eskaera Pedro Sanchez lehendakariari: Munduko Medikuak, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioa, Amnistia Internazionala... Elkarte hauek oroitarazi dute Hiprak diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso dituela, baina diru partida hori hirugarren faserako entsegu klinikoetarako jaso duena soilik da.

Jabego intelektualak sortzen dituen "monopolioak" saihestu nahia

Idatzi horretan eskatu dute Hipraren kasuan ez ezeik, pandemian zehar erakundeek enpresa "publiko zein pribatuekin" sinatu dituzten akordioetan gehitu daitezela bestelako baldintza batzuk ere, bermatu dadin diru publikoz ordaindutako ikerketek "lizentzia ez esklusiboak izan ditzaten, mundu guztiaren esku jartzen direla bermatzeko, eta industria farmazeutikaren esku geratzen denean jabego intelektualak sortzen dituen monopolioak saihesteko".