Espainiako Auzitegi Gorenak bigarren itzulian erabaki ondoren herritarrek ordaindu behar dutela hipoteken zerga, ezohiko prentsaurrekoa eman du Pedro Sánchez Espainiako presidenteak: dekretua aterako du Gobernuak, hipoteken zerga bankuek ordaindu dezaten. Sánchezek esan du espero duela bankuek bere gain hartu beharko duten kostuak ez diezaiela gero bezeroei eragin.
Bitartekari independentea
Dekretuak ez du atzeraeraginezko efekturik izango eta Espainiako Kongresuak berretsi beharko du orain. Horrez gain, beste neurri bat ere iragarri du, Kongresuaren oniritzia beharko duena: bezeroak babesteko organismo independente bat sortzea. Organismo horrek “herritarrak gehiago babestuko ditu abusuen aurrean eta gatazkak konpontzeko erraztasunak jarriko ditu”.
Sánchezek "espero eta uste" du zerga ordaintzeak eragingo dien kostua ez dutela bankuek gero bezeroengan zamatuko. "Merkatu hipotekarioa lehiakorra da eta eskaintza nahikoa dago". Aldi berean, erantzukizuna eskatu dio finantza sektoreari.
Gorenari oharra
Azken bi asteotan gertatu denari buruzko “autokritika eta gogoeta” ere eskatu dizkio presidenteak Auzitegi Gorenari. “Merkatu finantzario osoa eta herritar gehienak zain izan dituzte”, gaineratu du.