argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetze prozedurak indargabetzeko eskatu dute, Europak ilegaltzat jo dituela argudiatuz
  • Espainiako Hipotekak Kaltetuen Plataformaren iritziz, Europako Batasunaren Justizia Auzitegiak emandako sententzia oso garrantzitsua da. Sententziaren arabera, Espainiako hipoteka legeak ez ditu kontsumitzaileak babesten, eta gehiegizko baldintzekin lotutako hipoteka izan arren, etxe kanporatzeak egin egiten dira. Beraz, lege horrek ez du betetzen Europako Batasuneko araudia.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko martxoaren 15
Espainiako hipoteka legeak kontsumitzaileen eskubideak urratzen ditu.

Alberto Ruiz Gallardón Espainiako Justizia ministroak adierazi du legedia aldatuko dutela, izan ere, Europatik etorritako sententzia bete beste erremediorik ez du Espainiako Gobernuak. Auzitegiaren sententzia eman den momentutik indarrean dago eta ikusi beharko da nola eragingo dien jada abian diren kanporatze prozedurei eta zertan geratuko diren zorra ez ordaintzeagatik kalean geratu diren herritarren kasuak.

Hipotekak Kaltetuen Plataformak adierazi duenez, “Gobernua eta Parlamentua sorgor egon dira eta Europako Auzitegiak egin behar izan du Espainiako araudiaren kontra. Era berean, sententzia honek muturrekoa eman dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Azken honek, orain ilegaltzat jo diren hipoteka prozedurak betetzea ahalbidetu du”. Elkarteko abokatuak bihar elkartuko dira hemendik aurrerako estrategia juridikoak prestatzeko.

El Diagonal interneteko atariak Europako Auzitegiak Espainiako legea ilegaltzat jotzeko eman dituen sei irizpideak laburbildu ditu:

1. Zordunak oso zaila dauka etxe kanporatze prozedurari aurre egitea: etxetik kaleratzeko aginduari aurre egiteko aukera bakarra finantza erakundeak herritarraren zorra gaizki kalkulatu izana da.

2. Epaileek ezin dute ezer egin: nahiz eta epaileak hipotekan gehiegizko baldintzak ipini direnaren arrastoak izan legeak ez dio uzten etxe kanporatzea ezeztatzen.

3. Europako araudiari gainjartzen zaio estatuko legea. Baina, estatuak ezin du Europak duen eraginkortasun printzipioa urratu. Hau da, kontsumitzailearen eskubideak betetzea ezin du izan ezinezkoa edo oso zaila.

4. Kalte-ordainak etxetik bota eta gero: epaileak esan dezake hipotekaren baldintzak gehiegizkoak izan direla, baina etxetik kanporatzeko agindua eman eta gero. Beraz, kalte-ordainak jasotzeko aukera baino ez da geratzen, etxea mantentzeko aukerarik ez dago.

5. Ezin da esan baldintzak ez direla gehiegizkoak kontratua sinatuta dagoelako eta mailegu-emaileak “fede onez” jokatu duelako: kontratua egiterakoan klausulak banaka-banaka adostu ez badira epaileak gehiegizkotzat jo ditzake desoreka badago eta beti ere kontsumitzailearen kalterako bada.

6. Aldi bakarrean ordaintzeari utzi eta finantza erakundeak etxe kanporatze prozedura has dezake: hemendik aurrera epaileak alderatu beharko du hipoteka duenak zenbat alditan ordaintzeari utzi dion eta hipoteka osoa zenbatekoa den eta zenbat denboran ordaintzeko tratua egin zuen.