argia.eus
INPRIMATU
Hipoteka Lege berriak “milaka” etxegabetze eragin ditzakeela salatu du EAEko Stop Desahucios plataformak
  • Espainiako Kongresuan tramitatzen ari den Hipoteka Lege berriaren iraungitze goiztiarraren erregulazioak, kreditu guztien atzera-eraginkortasunean ez eragitea eskatu du EAE-ko Stop Desahucios plataformak Donostian egin duen kontzentrazioan.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 16a
Urrian Donostiako lau familia etxegabetzearen aurka EAEko Stop Desahucios plataformak egin zuen prentsaurrekoa. Argazkia: @StopDesahuciosG

EAE-ko Stop Desahucios plataformak Donostiako Boulevard-ean antolatu duen kontzentrazioa, EH Bildu, Podemos, Irabazi, ELA, CCOO eta ESK sindikatuko ordezkariek eta “gizarte-ahultasun” egoeran dauden zazpi familiek babestu dute. Bertan, Hipoteka Lege berriak estatuan “milaka” etxegabetze eragin ditzakeela salatu dute plataformako kideek.

Rosa Garciak, Gipuzkoako Stop Desahucios plataformako bozeramaileak ohartarazi duenez, “Hipoteka Lege berriko iraungitze goiztiarraren erregulazioak, bederatzi ordainketatik aurrerako atzerapena duten hipoteka guztiei epaitegietan salaketa jartzea” ahalbidetuko du.

Arabako Stop Desahucios plataformako bozeramaile den Arturo Val-ek gaineratu du, “lege berrian ezartzen den atzera-eraginkortasuna, etxegabetze masiboak sustatzeko bankuen esku uzten den arma arriskutsua” dela. Honi aurre egiteko mobilizazio “gehiago” iragarri ditu Valek.

Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei, Kongresuan lege berria eztabaidatzean zuzenketak aurkeztu eta atzera-eraginkortasuna arautzen duen legea ezabatzeari botoa emateko exijitu diote plataformako kideek.