argia.eus
INPRIMATU
Hipoteka lege berriak bankuen abusuak zuritzen dituela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak
  • Datuen arabera, EAEko etxegabetzeen egoera larriagotu egingo duen erreforma da. Aurten, 1.300 kaleratze inguru izatea espero dira, hau da, eguneko bost.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 21
Argazkia: @eldiarioes

EAEko Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, “lege berriak epaitegiek abusukotzat jo dituzten hipoteka-baldintzak jasotzen ditu baina beste batzuk kanpoan uzten ditu, hala nola, Hipoteka Maileguen Erreferentziako Indizearen interesa, milioika pertsonari eragiten diena”.

Legeak jasotzen duen atzera-jarduera bakarra bankuei mesede egiten dien epemuga aurreratu dela adierazi dute plataformatik. “Bankuek epemuga aurreratua aktibatzen badute, prozedura artxibatu edo eten egiten dute. Ondoren botere legegilea bankuei laguntzera joaten da, ia sei milioi hipotekaren epemuga aurreratzeko klausula zurituz” gaineratu dute.

Kaleratzeak Stop plataformako kideek bankuek beren iruzurragatik ez ordaintzeko eta beste bide batzuetatik gauza bera egiten jarraitzeko joko-arauak aldatu egiten direla gaitzetsi dute.

Etxebizitza soziala eskuratzeko baldintzak arautzen dituen dekretu bat onartzea eta alokairu pribaturako laguntzak berrikustea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, familiek etxebizitza gastuetarako diru-sarreren % 30 baino gehiago eskaini behar ez izateko.