argia.eus
INPRIMATU
Hipercorren atentatua gogoratzeko ekitaldian izango da Urkullu
  • Gaur 30 urte beteko dira ETAk Hipercorren atentatua egin zuela. 21 hildako eta 45 zaurituak oroitzeko ekitaldian egingo dute eta Iñigo Urkullu bertan izango da, Carles Puigdemontekin batera.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 19a
Hipercorren 21 pertsona hil zituen ETAk.

1987ko ekainaren 19an ETAk bere historiako atentatu handiena egin zuen auto bonba batekin. Ekintzak helburu “komertzialak” zituela aldarrikatu zuen ostera argitaratutako agiri batean, baina biktima gehienak zibilak izan ziren. Hiru aldiz deitu zuen komandoak Bartzelonako Udaltzaingora, saltokiko administraziora eta Avui egunkarira baina ez zuten eraikina hustu eta sarraskia gertatu zen. 1994an Espainiako Auzitegi Nazionalak Espainiako Estatua kondenatu zuen eraikina ez husteagatik.

Gaur egingo duten ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria Carles Puigdemontekin batera izango da. Ekitaldiaren ostean bilera egingo dute eta besteak beste, Kataluniako prozesu independentistaz arituko dira. Urkulluk babesa adieraziko dio Generalitateko presidentari, baina argi utziko du Euskal Herrian “bialdeko prozesu baten alde” jarraituko duela.

Beste alde batetik, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusi berriak ekitaldian ez dela egongo adierazi du Radio Euskadin. Antolatzaileekin hitz egin ostean “zuhurtziagatik” ez joateko erabakia hartu dute, beraien parte hartzeak “tentsioa” eragin dezakeelakoan.