argia.eus
INPRIMATU
Hiperbizilagunen Errepublika: auzoa eta auzokideak ardatz dituen proiektua
  • Paris bezalako hiritzarrean bizimodua indibidualista, erritmo azkarrekoa eta zakarra izan daiteke, baina auzoa –eta auzoko zerbitzuak– biziberritu, bertako harreman sarea indartu eta elkarren arteko laguntza bultzatuz, bestelakoa da errealitatea. Hala frogatu dute Parisko 14. distrituko bizilagunek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 28a
Argazkiak: Thierry Nectoux

2017an abiatu zuten Hiperbizilagunen Errepublika: mahai bat bestearen alboan, 215 metro luze eta 648 aulki zituen bazkaria antolatu zuten, etxean prestaturiko jakiz osatua. Kalea bizilagunena zela aldarrikatzeko lehen urratsa izan zen.

Ordutik, 50 bat kale hartzen dituen gune honetan elkarren artean laguntzeko, gauzak eta zerbitzuak trukatzeko eta elkarrekin egoteko proiektuak sustatzen dituzte, elkartzeko ekimenak antolatuz (gosariak, haur-jolasak, kultur jarduerak…), ikastaroak emanez, apurtutako aparailuak konpondu edo bigarren eskuko objektuak saltzeko whatsapp taldeak sortuz… Pandemia garaian, adibidez, bizilagun zaurgarrienei erosketak egiteko taldea sortu zuten.

Hiri barruan, herri giroa

The Guardianen erreportajean kontatu dutenez, auzokideek diote hiri batean bizi arren “herriko giroa” sortu nahi dutela, bizimodu anonimo eta bakartien kontra, eta helburua ez dela soilik giro atsegina lortzea, etorkizunerako faktore ekonomiko eta sozial indartsua ere badela horrela jardutea. Lau zutabe dituzte ardatz: ingurumena, osasuna, espazio publikoa eta mugikortasuna.

Ekimen anbiziotsuak dituzte tartean. Osasun zentro bat jarriko dute martxan auzoan, bizikleta elektrikoak erosiko dituzte bizilagunentzat, eta gustuko ez dituzten komertzioei zerga kobratu ahal izatea ari dira aztertzen, bertako jendeari zerbitzu emango dieten dendak nahi dituztelako, ez turistengan pentsatuz irekitzen direnak. Espazio publikoaren antolaketari eta berreskuratzeari begira, errepidez inguratutako eremu abandonatua garbitu, oinezkoentzako egin, landareak landatu eta plaza bizi bilakatu dute berriki.

Asmoa ez da Hiperbizilagunen Errepublika bere horretan beste leku batzuetan errepikatzea, leku bakoitzak eredua bere egin eta bere errealitatera moldatzea baizik. Baina filosofia garbia du atzean: dena eskura izango duen auzoa, bizilagun sare trinkoa lortzen duena komunitate indartsua dela sinetsita.