Hepatitis C gaitza duten 100 pertsona inguru bildu dira larunbatean Bilbon lagun eta senideekin batera gaixotasunaren aurkako sendagaia eskatzeko.
“Bihar gutako batzuentzat berandu izan daiteke”, esan du Nuria Arroyo plataformako bozeramaileak, El País egunkariak argitaratu duenez.
Bizkaiko Hepatitis C plataformaren lehenengo ekintza izan da larunbatekoa eta “bizitzeko eskubidea” bermatzea eskatu dute bertan. Horretarako, Sovadil izeneko sendagai berri bat administratzea eskatzen dute.
%90eko eraginkortasun maila eta pertsonako 60.000 euroko kostua du sendagaiak.
Sendagairik gabe
Arroyok elkarretaratzearen ostean irakurritako manifestuan esan du “suminduta” daudela “goikoak” arduragabetasunez jokatzen ari direlako.
“Orain arte esan diguten guztia sinetsi dugu eta gure konfiantzarekin jolasean ibili dira, baina iruzur egin digute: badago gaitza sendatzen duen sendagai bat eta ez dugu jasotzen, hiltzen uzten gaituzte”, esan du plataformako bozeramaileak.
Arroyok azaldu du ez dakiela non dagoen sendagaia ez jasotzearen arrazoia; baina EAEn kasu oso larrietan baino ez dutela ematen adierazi dute.
Gaineratu du, Espainian egunero 12 pertsona hiltzen direla Hepatitis C gaitzaren ondorioz.