argia.eus
INPRIMATU
Hiltzaile ederra
  • Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko.

Egoitz Alkorta Miranda 2023ko abenduaren 11
Katajineta (Genetta genetta)

Taldea: Ornoduna / Ugaztuna

Neurria: Gorputza 43-55 cm. Isatsa 36-48 cm. 1,60 - 2,25 kg.

Non bizi da? Baso, sastrakadi, harkaizti eta ibar-basoetan.

Zer jaten du? Karraskariak, txoriak, anfibioak, narrastiak, ornogabeak, fruituak.

Babes maila: Ez dago babestuta.

 

Tamaina ertaineko haragijalea da, etxeko katu baten tamainakoa. Gorputza luzexka du eta ilajea arre-grisa, pintar beltz zoragarriekin. Katuarekin alderatuta hanka motzak ditu, burua txikiagoa eta muturra zorrotza. Belarriak handi samarrak dira eta begien aurrekaldean, mutur gainean, orban beltz adierazgarriak ditu. Isatsa luze-luzea eta lodia, 8-10 eraztun beltzekin eta punta zurizta duena.  

Gautarra eta bakartia da, oso isila, katuaren tankerako gaitasunekin: usaimena, bista eta entzumena ez sinistekoak ditu. Hatzapar erdi-erretraktilak baliatuz aise ibiltzen da arboletan salto ikaragarriak eginez, isatsa orekari eusteko erabiliz. Ez da batere moko fina, eta edozeri helduko dio ehizan ari dela: saguak eta bestelako karraskariak batez ere, baina txoriak ere oso gustora jaten ditu. Anfibioak, narrastiak eta intsektuak ere bere dietaren parte dira eta udazkenean ez die muzin egingo basoko hainbat fruituri. Horri erantsi behar zaio baserrietatik lapurtutakoa, oilategietako jeneroa, batez ere.

Espezie jeneralista eta oso moldakorra da, habitat oso desberdinetan bizitzeko gai dena. Baso eta sastraka guneak, erreka bazterrak, harkaitzak dauden eremuak... horiek denak dira katajinetaren bizileku, betiere gordeleku nahikoa aurkitzen badu. Basotik baserri ingurura ere maiz gerturatzen da, handik mokadu errazak eskuratzeko esperantzan. Hotza ez zaio batere gustatzen eta mendi altuenetan ez dugu aurkituko. Bereziki maiteak ditu ibai eta erreka ertzeko basoak, bertan sortzen den mikroklima epelagatik eta jatekoa franko aurkitzen duelako.

Berozalea izatea ez da kasualitatea. Europan bizi den Biberridoen familiako espezie bakarra izatea ere ez. Eta gure inguruan animaliaren fosilik aurkitu ez izana ere ez. Ikerketa genetikoek diote gizakiak sartu zuela Europan, Afrika iparraldetik ekarrita. Arabiarrek ekarria dela diote batzuek, Iberiar penintsula inbaditu zutenean, VIII. mendean. Etxekotu egiten omen zuten, saguak eta arratoiak harrapatzen ikaragarriak zirelako. Bada beste hipotesi bat, mende batzuk lehenago erromatarrek ekarria dela dioena, hauek ere etxekotzen baitzuten. Bada lehenago feniziarrek ekarri zutela dioenik ere. Hainbat hipotesi  egon arren, garbi dagoena da, gurera “iritsi berria” dela katajineta.

Gaur egun Afrikan, Arabiar penintsulan eta Europan zabalduta dago. Euskal Herrian eta Iberiar penintsula osoan aurki daiteke, eta Frantzia hego-mendebaldea ere konkistatu du dagoeneko. Badirudi Europan barrenako zabalkundea mugatzen duen faktore nagusia tenperatura dela. Behetik gorako bidean, noraino iritsiko da katajineta? Aldaketa klimatikoak lagundu egingo ote dio iparralderanzko konkista horretan? Denborak esango du.

Saguak eta arratoiak harrapatzeko ekarri, eta oiloak lapurtzen bukatu... ez du negozio makala egin katajinetak! Hargatik, batzuentzat hiltzailea baino ez da. Baina hiltzailea izanda ere,  animalia ederra denik ezin uka!