argia.eus
INPRIMATU
Hiltegi batek Urola ibaira odola isuri duela salatu du Eguzkik
  • Asteazken goizean isurketa kutsakor baten berri eman du Eguzkik Urola ibaian, Zestoako Iraeta auzoan. Isurketatik metro gutxira dagoen hiltegian jarri du fokua talde ekologistak.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 25a
Argazkia: Eguzki

Eguzki talde ekologistak Urola ibaira egindako isurketa salatu du asteazkenean, Zestoako Iraeta auzoaren parean: “itxura guztien arabera, isurkina odola da, Urkaiko hiltegitik botatakoa”.

Eguzkik zabaldutako testuan azpimarratu du Urkaiko albiste-iturri izan dela berriki, lege berri bati jarraituz, hiltegi barruan kamerak jarri dituztelako, "han akabatzen diren abereak sufrimendurik gabeko bukaera dutela bermatzeko". Baina oraingoan Urkaikotik datozen albisteak oso bestelakoak direla diote: "isurketaren irudiak ikusita, argi dago beste alor batzuetan hiltegiaren jarduera ez dutela ondo kontrolatzen, gaurkoa ez baita botatzen duten lehen aldia".

Eguzkiko kideen ustez hiltegiak ez du Urolara ur-beltzak isurtzeko baimenik, "Gipuzkoako Ur Partzuergoaren biltegira konektatu baitago". Eta gainera, isurketaren kasua larria dela esateko bi alderdi azpimarratu dituzte. Batetik, garaiotan Urolak daraman ur eskasagatik, "kutsaduraren kaltea handiagoa izango da hango ekosisteman bizi diren izakientzat". Bestetik, isurketa hori "saihets zitekeen ia %100", odol lehorra nekazaritzan eta lorategietan aspalditik erabiltzen den ongarria delako, baita nekazaritza ekologikoan ere.