Agureak gorpuekin zaharren egoitzak elkarbanatzen. Egoera gogorra topatu dute Espainiako estatuko hainbat zaharren egoitzatan armadako kideek, eraikinak desinfektatzera joan direnean. SER irrati kateak jakinarazi du albistea, eta gobernuak baieztatu egin du.
Espainiako Defentsa Ministerioak adierazi du militarrak prebentzio neurri gisa joaten hasi direla zaharren egoitzetara, gaixoen egoera baloratzera eta langileei desinfekzio eta prebentzio gaietan aholkuak ematera. Zaharren egoitzak bihurtu dira izurrite honek gogorren kolpatutako lekuak.
Margarita Robles Defentsa ministroak astelehenean Telecinco telebista katean egindako elkarrizketa batean ohartarazi duenez, "erabat errukigabeak eta kontundenteak" izango dira halako gertaeren arduradunekin.
Militarrak desinfektatzen ari ziren zaharren egoitza gehienak Madrilgo Komunitatean daude. El Mundon irakur daitekeenez, egoitza hauetan heriotza ugari gertatzen ari dira, eta adibidez, Madrilgo Monte Hermoso egoitzan 17 pertsona hil dira eta 70 kutsatu dira gaitzarekin.
Madrilgo Fiskaltzak heriotza hauek ikertzeko eginbideak ireki ditu, El Defensor del Paciente elkarteak eskatuta, hainbat senidek salaketa jarri ostean.