argia.eus
INPRIMATU
Hilketa delitua egotzi diete emakume bat tiroz hil zuten Portugaleteko lau udaltzaini
  • Astelehenean, bikote batek ustez lapurtutako auto baten atzetik abiatu ziren Portugaleteko udaltzainak. Barakaldoko Mespelerreka auzora heltzean, tiro egin zieten gidariei; 35 urteko emakumea bertan hil zuten eta 37 urteko gizonezkoa zauritu, aurpegian eta eta beste besaurren batean tiro banarekin. Tiroketan parte hartu zuten lau udaltzainak inputatu ditu Ertzaintzak, ustezko hilketa delitu bat egotzita.

Axier Lopez @axierL 2020ko martxoaren 13a
ETBko bideo batetik ateratako irudia

Barakaldoko epaitegiak erabaki beharko du udaltzainen aurkako epaiketa egin ala ez. Bien bitartean, Ertzaintzak armak kendu dizkie udaltzainei, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Eitb-ri baieztatu dionez, agenteen deklarazioaren arabera, tiroketa gertatu zen lapurtutako autoaren gidaria ustez agenteak harrapatzen saiatu zenean. Barakaldoko auzo hori aterabiderik gabekoa da, eta antza norabidea aldatzen saiatu ziren gidariak. Tiroka erantzu zuten udaltzainek. Lekuan 20 bat bala zorro aurkitu dituzte.

 

 

Argazkia: Tele7

 

 

"Polizia hiltzailea" pintaketak Portugaleten

Udaltzainek emandako bertsio ofizialaren aurkako iritziak azaldu dira sarean eta Portugaleten armak eramateko eskumena duten herriko udaltzainen aurkako pintaketak egin dituzte erdigunean. Tele7k jaso ditu irudiak:

 

 

Portugaleteko alkate Mikel Torres sozialistak pintaketak eta emakumearen heriotza gaitzetsi ditu. "Udaltzainek beren lana bete besterik ez dute egin" adierazi du. "Kasua argitu behar da eta udalaren babes osoa dute udaltzainek".

Udaltzainak armaturik?

Bizkaian, ia udalerri handi guztietan udaltzainek pistola eramaten dute aldean, Barakaldon, Getxon, Portugaleten edo Bilbon, kasu. Gipuzkoan eta Araban, ordea, ia bakarrik hiriburuetakoak dira pistola eramaten duten udaltzainak; beste udalerri handietan ez da horrela gertatzen. Eibarren kontu honek auzitegietan amaitu zuen eta, ibilbide luzea egin ondoren, epailearen aginduz ez daramate pistolarik udaltzainek. Halere, unean uneko eta herrian herriko borondate politikoaren arabera egoera alda daiteke. Plentzia da horren adibide. Pasa den uztailean EAJko udal gobernuak hala erabaki zuen, eta ordutik 4.500 bat biztanle dituen herrian udaltzain guztiek pistola eramaten dute.