argia.eus
INPRIMATU
Hileta-martxa Iruñean eskubide sozialen alde
  • Iruñerriko Langabetuen Kolektiboak hileta-martxa antolatu du azaroaren 1ean -Santu Guztien egunean- 13:00etan Merkaderes kaletik abiatuta. Herritar askok bizi duten pobrezia egoera eta Espainia eta Nafarroako gobernuen murrizketa politikak salatzeko asmoz egin dute deialdia.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 30
Iazko hileta-martxaren argazkia.

Instituzioetatik etorritako azken mezuek krisiaren amaiera iragarri arren, Iruñerriko Langabetuen Asanbladaren arabera herritarrek azken urteetan “artazi politika, langabezia eta pobrezia” gordinena pairatu dute. Horrek guztiak, eskubide sozialen galera ikaragarria ekarri duela azpimarratu dute.

“Oinarrizko errenta, diru-laguntza sozialak, etxebizitza eta lanerako eskubidea, menpekotasun arloko laguntzak… kendu dizkigute. Nola biziko gara eskubide sozial horiek gabe?” galdetu dute.

Kolektiboan bildutako lagunek kaleko borroka eta mobilizazioak beharrezko ikusten dituzte galdutako eskubideak berreskuratzeko. Bestalde, Oinarrizko Eskubide Sozialen Gutunaren aldeko apustua egiten dute,  “lana eta aberastasunaren banaketa ahalbidetu eta zerbitzu sozial duinak jaso ahal izatea” ekarriko dituelako.

Ildo horretan antolatu du Iruñerriko Langabetuen Kolektiboak Merkaderes kaletik hasi eta Alde Zaharrean barna ibiliko den hileta-martxa, galdutako eskubide sozialei dolua adierazi eta omenaldia egiteko.