2019an hitzeman zuen PSOE eta Podemosen gobernu koalizioak hilekorako produktuen BEZa jaitsi edo ezabatuko zuela, baina azkenean 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan txertatuko dute neurria, BEZa %10etik %4ra apalduta.
Maiatzean atzera bota zuen Espainiako Ogasunak tanpoi, konpresa edota kopa menstrualei BEZa %10etik %4ra jaisteko neurria, Abortuaren Lege erreforman txertatu nahi zutena. Irene Montero Berdintasun ministroak gogorarazi zuen emakumeen %22ak dioela ezin dituela oinarrizko produktu horiek ordaindu, eta esan zuen BEZa apaltzeko edo ezabatzeko eztabaidatzen segiko zutela. 2019an jada gobernu koalizioak hitzeman zuen neurri hori ezarriko zutela, baina azkenean 2023ra arte itxaron behar izango da.
2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartuko dute produktu hauen BEZaren jaitsiera: menstruazio produktuena, preserbatiboena eta medizinalak ez diren antisorgailuena. Ez diete BEZa jaitsiko haurrentzako zein helduentzako pixoihalei, nahiz eta Podemosek hori ere eskatu zuen.
BEZ oso murriztuarekin, baina hilekorako oinarrizko produktuak ordaintzen jarraitu beharko du Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak. Beste toki batzuetan, ordea, dohainik eskuratzeko aukera dute. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko unibertsitateetan eta ikasle egoitzetan tanpoiak eta konpresak doan banatzen hasi ziren 2021ean, Frantziako Gobernuak ikasle elkarteekin eginiko akordio baten ondorioz.
Halaber, Eskoziako Parlamentuak 2020an erabaki zuen hilekorako produktu higienikoak doakoak izatea; munduko lehen herrialdea izan zen eskola eta unibertsitateetan produktu horiek dohainik ematen, Berria egunkariak jaso duenez. Zeelanda Berrian ere 2021ean hasi ziren ikastetxeetan doan ematen menstruazio produktuak.