argia.eus
INPRIMATU
Hilekoa min kroniko bihurtzen denean
  • Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute gaixotasuna ikusarazi, elkar babestu eta formakuntzak emateko. Salatu dute “gutxi” ikertzen dela eta mediku batetik bestera ibili behar dutela.

Olaia L. Garaialde 2023ko ekainaren 16a
\"Ohikoena da gaztetatik asko odolustea eta hilekoa jaitsi aurretik, bitartean eta ostean ibuprofeno batekin joaten ez den mina izatea\".

“Hilekoak mina ematen badu esan nahi du patologia bat dagoela atzean; horregatik, mina dugula esaten dugunean kasu egin, eta zergatia aztertu beharko lukete”. Nerea Barba Ramos (Iruñea, 1987) Asenna Nafarroako Emdometrioi elkarteko presidentearenak dira hitzak. Gaixotasuna ikusarazi, elkar babestu eta formakuntzak eman nahi dituzte, besteak beste. Endometriosia daukaten sei pertsonen artean sortu dute elkartea: “Jende asko asko neka-neka eginda etortzen da elkartera, mediku batetik bestera ibili delako eta ez dakielako nora jo”.

Endometriosia oinaze kroniko bat da, eta sortzen da endometrioa uterotik kanpo sortzen denean; hala nola obarioetan, tronpetan, hesteetan edota kolonean. Horrek hantura eta mina eragiten du. “Ohikoena da gaztetatik asko odolustea eta hilekoa jaitsi aurretik, bitartean eta ostean ibuprofeno batekin joaten ez den mina izatea”, azaldu du Barbak.

Emakumeentzat eta uteroa duten pertsonentzat ezgaitzailea izan daiteke endometriosiak eragindako mina: “Eguneroko gauzetan eragiten du, asko zikintzen denez oso deserosoa delako eta minak ohean uzten gaituelako”. Barbarak esate baterako egunero pairatzen du mina: “Salaketa bat jarri behar izan nuen, eta lanerako ezintasun permanentea eman zidaten”.

Hilekoa duenetik “sekulako” mina izaten du, eta ondorioz, mediku batetik bestera ibili da. Haurdun geratu nahi zuenean zailtasun handiak izan zituen, minarengatik eta kisteak zituelako. Bi urte eta erdi kostatu zitzaion haurdun gelditzea: “Haurdunaldia izugarri gogorra izan zen, eta ostean mina geroz eta handiagoa zen, egunero sentitzen nuen mina eta konortea galtzen nuen anemiarengatik”. Medikuek esaten dute haurdunaldiaren ostean mina txikitzen dela, baina Barbarak salatu du mito bat dela: “Erditu ostean estrogenoek gora egiten dute eta oinazea areagotu egiten da”.

"Hasieran lasaitasuna sentitu nuen, txikitatik sentitzen nuen minari izena jarri niolako eta ez zelako nik asmatutako zerbait"

2018. urtean, lanera bidean zela ezin izan zuen zutik mantendu eta ospitalera eraman zuten: “Esan zidaten izugarrizko kiste bat nuela, eta uste zutela obarioa bihurritzen ari zela”. Laparoskopia bat egin zioten ikusteko nola aurre egin, eta ikusi zuten dena kaltetuta zeukala: kolona, uretra, obarioak bereziki gaizki eta uteroa, besteak beste. “Hasieran lasaitasuna sentitu nuen, txikitatik sentitzen nuen minari izena jarri niolako eta ez zelako nik asmatutako zerbait”.

Hortik urtebetera minarekin jarraitzen zuenez beste ebakuntza bat egin zioten, eta 2020. urtean, uteroa eta eskuineko obarioa kendu zioten. Pandemia bete-betean ebakuntza egin, eta hurrengo egunera etxera bidali zuten: “Puntuak infektatu, eta bagina kanpotik zein barrenetik erre zitzaidan; ordutik, min kronikoarekin bizi naiz egunero”.

Diagnostikoa jaso aurretik denetarik probatu du: antisorgailuek menopausia eragin diote eta minaren unitatean ere izan da, baina mina ez da baretu: “Botikekin adabakiak jartzen dituzte ez dutelako gaiaren inguruan ikertzen”. Gaineratu du bere sentsazioa dela berarekin esperimentatu dutela. Medikuek ez dakite zein den endometriosiaren jatorria eta zergatik eragiten dien emakume batzuei eta uteroa duten pertsona batzuei eta besteei ez: “Ez dute ikertzen emakumeak garelako, bestela aspaldi izanen genuen tratamendu espezifiko bat”.

Nabarmendu du prebentzioan arreta jartzea beharrezkoa dela, zenbat eta lehenago asteko tramendua: “Elkarteko Nerea Osesi 16 urterekin diagnostikatu zioten, eta ordutik bizi kalitate nahiko ona dauka, ia minik gabe”. Horregatik, kasuak lehenago hautemateko institutuetan formakuntzak eman nahi dituzte: “Oso garrantzitsua da gazteak ahalduntzea eta jakitea zeintzuk diren sintomak medikuarenera joan ahal izateko”. Osasun etxeetan eta ospitaleetan ere eman nahi dute formakuntza.