argia.eus
INPRIMATU
“Hilean ia 1.000 ebakuntza prozedura gutxiago egin ditugu”
  • COVID-19a ez den beste gaixotasunen diagnostikoan, ebakuntzetan, itxaron zerrendetan, baliabideetan… nola eragin du pandemiaren seigarren olatuak? Donostiako Ospitaleko argazkia egin du bertako zuzendari medikoak Euskadi Irratian.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 25a
Argazkia: Euskadi Irratia

Idoia Gurrutxaga zuzendari medikoak kontatu duenez, seigarren olatu honetan batez beste 130-150 lagun izan dituzte COVID-19agatik ospitaleratuta, “nahiz eta azken astean jaitsiera pixka bat ikusi dugun eta gaur 118 paziente ditugun ingresatuta, horietako heren bat ZIUetan”.

ZIUetako gehiengoa, txertatu gabea

Gurrutxagaren esanetan, “ZIUetan ditugun bi herenak txertatu gabeak dira, eta beste herena dira edo txertaketa pauta osoa jaso ez dutenak, edo immunitate sistema ahulduta dutenak bestelako gaixotasunen bat dutelako edo tratamendu bat hartzen ari direlako. Plantan proportzio berak errepikatzen dira. Oraindik txertatu gabeak asko dira eta hori landu behar dugula uste dut”.

Beste gaixotasunetan, eragin inportantea

“Seigarren olatua txarrena izan da guretzat”, dio, pandemiari erantzuteko giza-baliabideak eta baliabide materialak egokitu behar izan dituztelako (“anestesistak, erizainak, ohe post-kirurgikoak, bizkortze unitateak, solairuak… beste egitura batzuetatik hartu behar izan ditugu”) eta ondorioz eragin inportantea izan duelako zainketa kritikoak behar dituzten COVID ez diren patologien artatzean, zerrenda kirurgikoetan eta bestelakoetan.

Gaixo kronikoen arreta, okertuta

Datutan, azaro amaieratik 39 lanaldi kirurgiko zituzten egunero, eta 19 lanaldira murriztu behar izan dute. “Hilean ia 1.000 ebakuntza prozedura gutxiago egin ditugu eta ondorioz, itxaron zerrenda kirurgikoak okerrera egin du: lehen batez besteko atzerapena 49 egunekoa zen eta gaur 74 egunekoa. Ebakuntzez aparte, COVID ez bestelako patologiak dituzten pazienteek euren arreta okertua ikusi dute, hala nola gaixo kronikoek”.

“Ebakuntza onkologiko atzeraezin eta urgenteak egiten ari gara, baina ebakuntza baino bi egun lehenago PCRa egiten diogu eta positibo ematen badu, 6-7 aste atzeratzen da ebakuntza, COVIDean positibo den pazienteari ebakuntza eginez gero hiltzeko arriskua %4ra igotzen delako, eta ebakuntza bertan behera geratzeak, noski, ondorioak ekar ditzake bere pronostikoan”.

Diagnostiko berrien atzerapenaz ere mintzatu da zuzendaria: “Laugarren olatutik hona lortu dugu diagnostikoak nahikoa eguneratzea, baina dudarik gabe batzuek osasun sistemara sartzeko duten zailtasunagatik, atzerapenak azaleratuko dira”.

Lehen Arreta kolapsatuta egonik, jendea ospitalera

Lehen Arretaren egoerak ere eragina izan du ospitaleetan. Pazienteek zailtasunak dituzte lehen mailako arretan artatuak izateko, atzerapenak jasaten ari dira, “eta ondorioz bai larrialdi zerbitzuetara bai ospitalez kanpoko etengabeko arreta guneetara jo dute gaixoek, eta beraz ospitalera”.

EAE eta bereziki Gipuzkoa oso gogor jo du seigarren olatuak. Zergatik? “Galdera hau askotan egin dugu, baina ebidentzian oinarritutako arrazoirik ez daukagu”, erantzun dio zuzendari medikoak Iñaki Guridi Euskadi Irratiko kazetariari.