argia.eus
INPRIMATU
Hilean hamar milioi maskara kirurgiko ekoiztuko dituzten hiru makina jarri dituzte Etxebarrian
  • Astelehen goizean heldu dira Etxebarriara (Bizkaia) hilean hamar milioi maskara ekoiztuko dituzten hiru makina. Bexen Medical da maskarilak ekoiztuko dituena, eta datorren astearen erdialderako martxan egon ahalko dutela adierazi dute. Astean zazpi egunez, egunean 24 orduz ariko dira martxan makinak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 20a
Espainiako armada hiru makinak Etxebarrian uzten. Argazkia: La Vanguardia.

Cikautxo kooperatibako instalazioetan jarri dituzte hiru makinak, Bexen Medicalek Hernaniko instalazioak oraindik ez baititu prest. Ekoiztutako maskarak Espainiako Industria, Komertzio eta Turismo Ministeriorako izango dira. Mondragon kooperatiba da proiektuaren arduraduna, Cikautxo kooperatibako enpresa bat izaki. Espainiako Armada izan da makinak Etxebarriara eramateko arduraduna.

Martxoaren 16an jarri zuen maskarak ekoizteko proiektua martxan kooperatibak, maskarak ekoizteko makinak egiteko enkargua eginez Txinan dagoen Mondragon Aseembly enpresari. Hiru makina Etxebarriara eraman dituzte, eta laugarrena Burgosera (Espainia), Espainiako Defentsa Ministerioko farmazia militar batera.

Maskarak ospitaleentzako, zentro sozio-sanitarioetarioentzako, enpresentzako eta biztanleentzako izango dira. Apirila amaierarako lehen maskarak ekoiztea aurreikusten dute. Maskara horiek 2R motakoak izango dira, hiru kapadunak eta erabilera bakarrekoak. Maskara kirurgikoen artean fidagarrienak dira, %98ko babesa eskaintzen baitute.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak adierazi du ekainerako ekoizpena bikoiztu ahalko dutela, eta “Euskadin eta Euskadirentzat” ekoiztuko direla.